Mundua -
Erreferenduma Eskozian
Salmondek dimititu egin du
SNP alderdiak urtero egiten duen batzarrean, azaroaren 13tik 15era bitartean, utziko du kargua Eskoziako ministro nagusiak.
Erredakzioa
Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak eta SNP alderdiko liderrak dimisioa aurkeztuko duela iragarri du. Eskoziako erreferendumean izandako porrotaren ostean hartu du erabakia Salmondek.
Prentsaurrekoa eskaini du arratsaldean eta autonomia gehiago lortzeko Londresekin hasiko duen negoziazio-prozesuan Eskoziak “lidergo berriaren” mesedeak izango dituela esan du.
2011 urtetik gehiengoz agintzen duen politikariak iragarri duenez, SNP alderdiak urtero egiten duen batzarrean utziko du kargua. Azaroaren 13tik 15era egingo dute aurtengo batzarra, eta orduan aukeratuko dute Salmonden ordezkoa.
Ez du zehaztapen gehiagorik eman, eta “lider izateko egokiak diren eta oso ondo prestatuta dauden hautagai ugari” daudela gaineratu du.
Horien artean dago Nicola Sturgeon ministrorde nagusia. Eskoziaren independentziaren aldeko kanpainan garrantzia handia izan duen pertsona da Nicola, baita SNP alderdiaren zabalkundean ere.
“Botoa galdu dugu erreferendumean, baina Eskoziak ekimen politikoa aurrera eraman dezake oraindik ere”, baieztatu du Salmondek.
“Lider moduan nire garaia ia amaitu da, baina kanpainak aurrera jarraitzen du, Eskoziarentzat ametsa ez da inoiz hilko”, azpimarratu du.
“Herrialdea aurrera eramateko pertsona egokia naizen galdetu behar izan diot neure buruari, eta beste batzuk egoera hobean daudela ondorioztatu dut”, esan du hartutako erabakiaren azalpen gisa.
Politika uzteko asmorik ez duela gaineratu du lehen ministroak, eta alderdi edo gobernu bateko liderra izan ez arren, “gauza asko” egin daitezkeela nabarmendu du.
Harro egoteko kanpaina
Salmond “harro” agertu da ‘Yes Scotland’ek (Bai Eskoziari) egin duen kanpainaz. Era berean, 1,6 milioi lagunek independentziaren aldeko botoa eman izana eskertu du.
“Erreferendumak izan duen partaidetzarekin ere harro nago. Parte hartzea handia izan da, eta Eskoziako herriak eztabaida konstituzional honetan parte hartu du eta jarrera egokia izan du”, ziurtatu du.
Britainia Handiko Gobernuari presioa egiteko aukera dutela nabarmendu du lehen ministroak, agindutako “eskumenak” itzultzeko konpromisoa bete dezan. “Horrek guztiak egoera indartsuan kokatu du Eskozia”, gaineratu du.
Lehen ministro izatea, pribilegioa
“Pribilegioa izan da Eskoziako lehen ministro izatea, baina erreferendumaren kanpainan behin baino gehiagotan esan dudan moduan, honek ez du zerikusirik nirekin edo SNP alderdiarekin. Hori baino askoz ere garrantzitsuagoa da”, adierazi du. “Prozesu hau politikoki aurrera eramateko nor dagoen prestatuena erabakitzea da niretzat garrantzitsuena”, baieztatu du.