Mundua -

Erreferenduma

Eskoziak ezetz esan dio independentziari

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa gustura agertu da emaitzarekin: Eskoziari autonomia gehiago emango diola adierazi du. Salmondek porrota onartu du eta hitza betetzeko eskatu dio Cameroni.

Ezetza garaile Eskozian, botoen %55,3 lortuta

1:28

Idoia Alberdi | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eskoziak ezetz esan dio independentziari. Boto guztiak zenbatuta, independentziari ezetz esan diote boto-emaileen %  55,3k (2.001.926 boto), baietzaren aldekoei ia 10 puntuko aldea aterata. Boto-emaileen % 44,7k (1.617.989 boto) eman dute baietzaren aldeko boza. Parte-hartzea oso altua izan da erreferendumean: % 84,6ekoa. 16 urtetik gorako 4,3 milioi eskoziar zeuden deituta atzoko galdeketan parte hartzera.

Ezustekoa Glasgowk utzi du; inkestek ezetzaren aldeko balantzan kokatzen bazuten ere, baiezkoa nagusitu da bertan, botoen % 53rekin. Edinburgon, berriz, ezetza izan da garaile, alde nabarmenarekin: % 61 independentziaren aurka, % 39 alde.

Salmond: 'Orain, Erresuma Batuak agindutakoa bete dezala'

Alex Salmond Eskoziako ministro nagusia 07:15ean, eta behin betiko emaitza ofizialak ezagutu aurretik, atera da komunikabideen aurrera: "Aitortu egiten dut porrota; Eskoziak herrialde ez independentea izatea erabaki du". Baietzaren aldeko botoa eman duten 1,6 milioi herritarrei eskerrak eman eta kanpainan erakutsi duten jarrera eskertu die. Erresuma Batuari, berriz, dei zuzena: agindutakoa bete dezala eta Eskoziari autogobernu gehiago onar diezaiola.

"Erreferenduma adostutako prozesu bat izan da. Une honetara iritsita, Eskoziak erabaki du ez duela herrialde independente izan nahi, eta nik erabaki hori onartzen dut", esan du.

Eskoziar guztiei herriaren borondatea onartzea eta errespetatzea eskatu die. Erreferendumean izan den parte-hartze handia txalotu du Salmondek: "Demokrazian, munduko edozein hauteskunde edota erreferendumetan ezagutu den parte-hartzerik altuenetakoa izan da, eta hori txalotzekoa da", gaineratu du.

Cameron: 'Hitza beteko dut'

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa gustura agertu da Eskoziako herritarrek "lau nazioen" batasunaren alde egin dutelako. Downing Street kaleko egoitza ofizialaren atarian azaldu duenez, "emaitza oso argia izan da", eta herrialdea gobernatzeko aukera berri bat irekiko du. Eskoziari eskumenak emateko konpromisoa hartu zutela eta hala egingo dutela gaineratu du. Eskumen horiek zerga eta ongizate alorrekoak izango dira, eta urtarrilerako legedi berria martxan izatea espero du.

Lehen ministroak ezezkoaren aldeko kanpainan lanean aritu direnak "zoriondu" ditu, "ondo egindako lana" izan delako. Alistair Darling laborista, Eskozian ezezkoaren kanpaina gidatu duena, zuzenean zoriondu du azken urtebetean Eskoziaren eta Erresuma Batuaren batasunari eusteko egin duen lanagatik. "Herriak elkarrekin hobeto'" daudela esan du, eta Erresuma Batuan garai berri bati ekiteko une aproposa dela gaineratu du.

Nick Clegg Erresuma Batuko lehen ministroaren ondokoa ere gustura agertu da. Erresuma Batuan jarraitzearen alde agertuta, eskoziarrek "erabaki historikoa" hartu dutela esan du.

Darling ere agertu da hedabideen aurrera. Pozarren agertu da eta ezetzaren alde bozkatu dutenei eskerrak eman dizkie: "Eskerrik asko bihotzez, gehiengoa zarete eta zuen ahotsa entzun da. Eskoziarren gehiengoak batasunaren alde egin du, zatiketa alboratuta", esan du.

Liberak, gora

Erreferendumaren emaitzaren joera jakin eta berehala, liberak goranzko bidea hartu du dibisen merkatuan; % 1 egin du gora lehen orduetan. Asiako merkatuetan libera % 1 igo da goizaldean, 1,65 dolarren balioa hartzeraino. Dena dela, goranzko joera hori berehala moteldu da, eta 1,64 dolarrean geratu da.

2012ko urrian adostu zuten Cameronek eta Salmondek galdeketa egitea. Ezezkoak irabazita, aro berri bati ekingo diote orain Eskozian eta Erresuma Batuan. Negoziazio prozesu bat jarriko da martxan, eta, agindutakoa betez, Westminsterrek hainbat eskuduntza itzuliko dizkio Eskoziari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eskoziako independentzia erreferenduma