Mundua -
Gaza
Gaza berreraikitzeko akordioa lortu dute Israelek eta Palestinak
NBEren arabera, Israelen erasoaldiaren ondorioz 100.000 lagun inguru etxerik gabe geratu dira eta auzoa asko, ospitaleak eta eskolak erabat suntsituta daude.
Erredakzioa
Nazio Batuen Erakundeak gaur jakinarazi duenez, Israelek eta Palestinar Aginte Nazionalak akordio bat lortu dute, Gazaren berreraikuntza errazteko.
Gazako Zerrendan sartzen den materiala berreraiketarako erabiliko dela hitzartu dute alde biek, Robert Serry Ekialde Hurbilean NBEk bakegintzarako duen bidali bereziak azaldu duenez.
NBEren ardura izango da material hori helburu zibilekin erabiltzen dela bermatzea; izan ere, Israelek sarritan salatu du Gazaren berreraikuntza ahalbidetzeko bidali izan ohi den materiala lurrazpiko tunelak eraikitzeko erabili izan dituela Hamasek.
Horrez gain, Serryk adierazi du akordio hori praktikan jartzeko mekanismoak ahalik eta azkarren abian izango direla.
100.000 palestinar etxerik gabe
Serry joan den astean izan zen Gazako Zerrendan, eta, bere esanetan, Israelek suntsiketa izugarria egin du bertan. “Azpiegiturak, eskolak, ospitaleak, auzoak… erabat suntsituta daude”, erantsi du.
Datuak ere eman ditu: 18.000 etxebizitza suntsitu ziren eta 100.000 lagun inguru etxerik gabe geratu dira, Israelen eraso militarraren ondorioz.
NBEren kalkuluen arabera, Gaza berreraikitzeko lanen kostua 4.000 milioi dolarretakoa izango da gutxienez, baina 12.000 milioi dolarretara iritsi daitekeela ere adierazi dute.