Mundua -
Ebola
Herrialdeko lehen ebola kasua baieztatu du Senegalek
21 urteko unibertsitateko ikasle ginearra da gaixoa, eta hemorragia zantzuekin ospitaleratu dute Dakarren.
Erredakzioa
Awa Marie Coll Seck Senegalgo Osasun ministroak herrialdeko lehen ebola kasua baieztatu du.
Gaixoa Ginea Conakryko Unibertsitateko 21 urteko ikasle bat da, eta Dakarreko Fann ospitalean berrogeialdian jarri dute. Hemorragia zantzuekin iritsi zen bertara, eta "egonkor" dago, ministroak azaldu eta APS albiste agentziak jakinarazi duenez.
Osasun buruak esan du Gineako agintariek asteazkenean Senegalgoei jakinarazi zietela gazte bat ebolaz kutsatuta egon zitekeela. Munduko Osasun Erakundeari kasuaren berri eman diote.
Lehen ebola kasua Ginean atzeman zen martxoan, eta 430 pertsona hil dira bertan gaitzarekin.
Munduko Osasun Erakundearen arabera, guztira 1.552 pertsona hil dira ebolagatik, eta 3.069 kasu atzeman dira. MOEk zifra erreala okerragoa izan daitekeela uste du, eta 20.000 pertsona gehiago kutsa daitezkeela beldur da.
Ebola kutsatuta dauden pertsonen edo animalien odolaren edo beste isurien zuzeneko kontaktuarekin zabaltzen da. Hemorragia larriak eragiten ditu, eta % 90erainoko hilkortasun tasa izan dezake.
Mendebaldeko Afrikara ebola iritsi den lehen aldia da, orain arte Erdialdeko Afrikan soilik atzeman baitzen.