Mundua -

Gaza

Gazaren kontrako operazioa arrakastatsua izan da, Netanyahuren iritziz

Hamasek 'kolpe gogorra' jasan duela nabarmendu du gainera Israelgo lehen ministroak.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Artxiboko irudia: EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Artxiboko irudia: EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelek 50 egunez Gazaren kontra egindako operazioa "arrakasta politiko eta militarra" izan dela adierazi du asteazken honetan Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. Operazio militar horretan 2.100 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek, gehienak zibilak. Bien bitartean, epe horretan 68 israeldar hil dira, horietatik 64 soldaduak.

Asteartean Israelek eta Palestinak su-etena adostu ondotik, Netanyahuk hedabideen aurrean egin duen lehen agerraldia izan da gaurkoa. Horren esanetan, operazio militarra kolpe gogorra izan da Hamasentzat. "Hasieratik helburu garbi bat geneukan, eta hori Hamasi eta gainerako talde terroristei ahalik eta kalte handiena egitea zen, eta, aldi berean, Israelgo jendartera lasaitasuna eramatea", adierazi du Netanyahuk.

Israelek segurtasun epe luze bat erdiesteko helburua lortu duen jakiteko goizegi dela iritzi dio Netanyahuk, baina "Hamasek jasan duen kolpeari eta haren susperraldia aurreikusteko etorkizunerako ditugun ahalmenei esker helburu hori lortzeko ditugun aukerak handiagoak dira".

Bien bitartean, Hamasek bere helburuak ez betetzeaz gain mila gudari inguru galdu ditu, horietako asko goi-kargudunak, eta kohete armategi txikiago dauka orain, Netanyahuren arabera. Halaber, politikoki ere porrot egin duela eta Mahmud Abas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearen mesedetan izan dela hori azpimarratu du. "Oso gustura gaude Abasen indarrak Gazako Zerrendan sartzen ikusita. Zein aldetan jarri erabaki du eta bake akordioari babesa ematen jarraitzea espero dugu", adierazi du.

Diplomazia alorrean ere garaile atera da Israel, Netanyahuren iritziz. Horren esanetan, Israelek "nazioarteko komunitatearen babesa eta zilegitasuna" irabazi ditu eta Hamas, berriz, bakartuta gelditu da.

Netanyahuk Gobernu barrutik egin dizkioten kritikak gogor gaitzetsi ditu. Avigdor Lieberman ultraeskuindarrak, esaterako, su-etena segurtasun gabineteari aurkeztu aurretik onartzea aurpegiratu zion Netanyahuri. "Nik zuzentzen dut herrialde hau, eta niri dagokit arduraz buru egitea eta iritzi orokorrak kontuan izaten ditut. Ez digu kezkatzen Facebooken dugun ospeak, gure ardura Israelen segurtasuna da", azpimarratu du.

Azken inkesten arabera, Netanyahuren ospea nabarmen jaitsi da Gazaren kontrako operazioa hasi zenetik, hain justu, % 85etik % 38ra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak Gazako argazkiak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Israel Zer gertatzen ari da gaur Palestinan? Ekialde Hurbila gaur Benjamin Netanyahu