Mundua -

Gatazka

Ustez Israelen kolaboratzaileak diren 18 lagun exekutatu ditu Hamasek

Israelek ohartarazi duenez, Gazako Zerrendaren kontrako aireko erasoak jarraituko du "Hamasek bandera zuria astindu arte", amore eman duenaren seinale.

Argazkia: EFE.
Argazkia: EFE.
Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hamasen zenbait miliziarrek ustez Israelen kolaboratzaileak diren gutxienez 18 lagun exekutatu dituzte ostiral honetan, horietako batzuk publikoki, Gazako plaza batean. Israelgo gobernuaren kolaboratzaileak izateko susmagarriak diren zazpi palestinar exekutatu dituzte publikoki plaza batean, lekukoek eta Hamas berak bere webgunean jakinarazi dutenez.

Biktimak, buruak estalita eta eskuak lotuta, tiroka hil dituzte maskaratuta eta beltzez jantzita zihoazen gizon batzuek. Fededun asko aurrean zeuden, eta meskita baten aurrean egin dute, ostiraleko otoitzaren ostean, lekukoen eta 'Al Majd' webgunearen arabera (webgune hori Erresistentzia Mugimendu Islamiarraren aldekoa da).

Beste hamaika lagun ere exekutatu dituzte, Israelen kolaboratzaileak izateko susmagarriak izateagatik, hutsik dagoen komisaria batean, Gazan, lehenago, Hamasen segurtasun arduradunek jakinarazi dutenez.

"Bandera zuria astindu arte"

Avigdor Liberman Israelgo Kanpo Arazoetarako ministroak Channel 2k egindako elkarrizketa batean nabarmendu duenez, Gazako Zerrendaren kontrako aireko erasoak jarraituko du "Hamasek bandera zuria astindu arte", amore eman duenaren seinale.

Libermanen esanetan, Israelgo Gobernuak herritarrei azaldu behar die 'Ertz Babeslea' uztailaren 8an abiarazitako operazioak "helburu estrategiko" bat duela, alegia, "Hamas garaitu, menderatuta egotea lortu arte".

"Horrek esan nahi du Hamasek bandera zuria astindu beharko duela", esan du Israelgo diplomaziaren buruak. Era berean, gaineratu duenez, "egoera errealista" izango da, "ez genuke astebete eta erdi baino gehiago behar Hamas mendean hartzeko".

4 urteko ume israeldar bat hil da mortero palestinar batengatik

Bitartean, ume israeldar bat hil da gaur herrialdeko hegoaldean, Palestinako miliziek Gazako Zerrendatik mortero bat jausi ondoren, Isrealego Armadak ohar batean jakinarazi duenez. "Haaretz" egunkariak zehaztu duenez, umeak 4 urte zituen eta jaurtigaiak mugatik gertu dagoen kibutz batetik hurbil zihoan auto batean jo zuela.

Azken 41 egunetan, gatazka berriro hasi zenetik, hau da hil den Israelgo lehen adingabea. Azken su etena joan den asteartean hautsi zen, Kairon astebete baino gehiago elkarrizketak izan ostean.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, heriotza honen aurrean, esan du Hamasek "prezio altua" ordainduko duela. Lehen ministroak ziurtatu du Hamasen aurkako ekintzek "abian dugun operazioaren helburuak bere arte" jarraituko dutela.

45 milioi euro egunero

Israelek 45 bat milioi euro gastatzen ditu egunero (60 milioi dolar) Gazako gerran; hori dela eta, adituen ustez, eta "Haaretz" bertako egunkari progresista hebrearrak jakinarazitako datuen arabera, azken hamar urteetako gatazkarik garestiena izateko bidean dago.

Egunkariak aipatutako Defentsa ministerioaren arduradunen arabera, orain arte azken 41 egunetan Gazako Zerrendan egindako bonbardaketen prezioak 1.900 milioi euroko kopurua gainditu zuen joan den asteazkenean. Hortaz, 2006an Libanon izandako gatazkaren prezioa gaindituta dago, nahiz eta oraindik amaitu ez den.

"Hala ere, Armakdak diru gutxiago erabili du Hamasen aurka borrokatzeko (mugimendu islamiarraren aurka) Hizbularen kontra borrokatzeko baino (Libanoko talde xiita da)", esan du egunkariak. Lurreko operazioa orain dela aste batzuk amaitu zenetik, egungo erasoen kostuak behera egin du.

64 israeldar eta 2.050 palestinar hil dira

Azken gatazkan zehar, orain arte 64 soldadu israeldar hil dira, milizien aurkako borroketan, eta hildako palestinarren kopurua 2.050 baino handiagoa da. Gehienak zibilak dira.

Prezio osoa, dena den, zalantzan jarri dute Israeleko Altxorraren arduradunek. Euren ustez, kostu hori 425 milioi eurokoa da, txikiagoa, egunkariak zehaztu duenez.

"Guinnes errekorren libururako kontua"

"Defentsaren iturrien arabera, eztabaida gerra-materialean dago". Egunkariak kaltetuta izan denaren prezioa ere izan dute kontuan, eta larrialdiko gaitasun militarra berreskuratzeko beharrezkoak diren ekipoak ere bai, azaldu dute. "Azkenean, gerraren prezioa Guinnes errekorren libururako kontua da, batez ere, azpimarratu du egunkariak.

Kezkatuta, Finantza ministerioak esan dio Armadari gastuari eutsi behar zaiola eta egiturazko aldaketak sartu behar direla; izan ere, "datorren urterako aurrekontuak gora egin behar izatekotan, murrizketak egin beharko lirateke hezkuntzan, osasunean, dependentzian eta azpiegituretan, aurrekontuan ez baitago erreserbarik", azaldu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak 2024 Gazako argazkiak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Israel albisteak Palestina albisteak Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean? Hamas