Mundua -
Izurritea Afrikan
Ebolak 1.229 pertsona hil ditu Mendebaldeko Afrikan, MOEren arabera
Halaber, 2.240 lagun gaixorik egon litezke Ginean, Sierra Leonan, Liberian eta Nigerian. Agerraldiak milioi bat pertsona inguru utzi ditu koarentenan.
Erredakzioa
Munduko Osasun Erakundeak (MOE) jakinarazi du 2.240 pertsona daudela ebolarekin kutsatuta Ginean, Sierra Leonan, Liberian eta Nigerian. Halaber, guztira 1.229 lagun hil direla azaldu du. Abuztuaren 14a eta 16a bitartean 113 kasu berri zenbatu dituzte.
Herrialdeka, Liberian hil dira pertsona gehien (466 pertsona hil dira bertan ebolaren eraginez), baina Ginean (394), Sierra Leonan (365) eta Nigerian (4) ere hil dira ebolak jota.
Ebolaren agerraldia geldiarazi nahian, milioi bat pertsona utzi dituzte koarentenan eta bakartuta. MOEk komunikatu baten bidez jakinarazi duenez, Munduko Elikagai Programarekin elkarlanean dabiltza, herritarrek hornidurak jaso ditzaten.
"Birusaren transmisioa geldiarazteko, beharrezkoa da herritarrek janaria, ura, osasun-ondasunak eta bestelako oinarrizko hornidurak izatea", adierazi du MOEk.