Mundua -
Missouri
Michael Brownek buruan bi tiro eta besoan lau jaso zituen
18 urteko gaztea polizia batek tiroz jota hil zen abuztuaren 9an, eta horrek protestak eragin ditu Missouri estatuko Ferguson herrian.
Erredakzioa
Igandean egindako autopsiak erakutsi duenez, Michael Brown afroamerikarra sei tiro jasota hil zen, The New York Times egunkariak gaur jakinarazi duenez. Gertakariak protestak eragin ditu Missouri estatuko Ferguson herrian.
Brownen familiak New Yorkeko arduradun forentse ohiari eskatutako autopsiaren txostenak argitu duenez, buruan bi tiro eta eskuineko besoan lau jaso zituen.
Egunkari estatubatuarraren arabera, ez zuten distantzia motzean tirokatu, ez baitago bolbora arrastorik gorpuan, baina oraindik ez dute haren arropa aztertu, eta, beraz, ez dago hori erabat baztertzerik.
18 urteko gaztea Darren Wilson poliziak tirokatu zuen, armarik gabe zegoela, abuztuaren 9an, baina Poliziak eta lekukoek bertsio ezberdinak eman dituzte gertatutakoaren inguruan.
Kasu horrek protestak eta istiluak eragin ditu Fergusonen, eta, Jay Nixon gobernadoreak etxeratzeko agindua eman ostean, igande goizaldean, pertsona bat larri zauritu zen eta Poliziak zazpi atxilotu zituen.
Dozenaka pertsonak hautsi zuten larunbat iluntzean agindu hori, astebetez protesta eta arpilatze ugari izan eta gero.
Eric Holder fiskal nagusiak gaztearen gorpuari bigarren autopsia bat egiteko agindu du, "kasua ezohikoa delako eta Brownen familiak eskatu duelako", Brian Fallon Justizia Departamentuko bozeramaileak adierazi duenez.
Horren esanetan, autopsia "ahalik eta lasterren" egingo da, eta kasua ikertzen ari direnek kontuan hartuko dituzte autopsiaren emaitzak.
Familiaren abokatuaren ustez, hori "seinale ona" da, ikerketa aurrera doala erakusten baitu, eta, hain zuzen, "hori da familiak nahi duena".
Missourik Guardia Nazionalari deitu dio
Jay Nixon Missouri estatuko gobernadoreak Guardia Nazionala mobilizatu du Fergusoneko istiluei aurre egiteko.
Gobernadoreak sinatutako aginduak jasotzen duenez, neurri horrekin bakea eta ordena berreskuratu eta gizartea babestu nahi dute. Aurrez, tokiko Polizia estatuko Errepideetako Patruilak ordezkatu zuen, helburu beraren bila.
Nixonen esanetan, protesta baketsuen artean, indarkeria ekintzak ere izan dira, eta horiek egin dituzten asko Ferguson eta Missouri estatutik kanpoko pertsonak direla nabarmendu du.
"Ekintza kriminal horiek kondenatzen ditugu, segurtasun indarren eta zibilen aurkako tiroketak, molotov koktelen jaurtiketak, lapurretak, errepideak blokeatzeko saiakerak eta agintarien postuen aurkako erasoak barne", komunikatu ofizialaren arabera.
Nixonek berretsi du ekintza horiek ez diotela mesederik egiten ez Michael Browni ez haren familiari.