Mundua -
Ukrainako gatazka
Zigorrak babestu zituzten estatuen inportazioak debekatu ditu Errusiak
Errusiaren aurkako zigorrei babesa eman zieten herrialdeen elikagaiak, lehengaiak eta nekazaritza-produktuen inportazioa urtebetez debekatzeko edo mugatzeko agindua eman du Putinek.
Erredakzioa
Ukrainako gatazka dela eta, Errusiaren aurkako zigorrei babesa eman zieten herrialdeen elikagaiak, lehengaiak eta nekazaritza-produktuen inportazioa urtebetez debekatzeko edo mugatzeko agindua eman du gaur Vladimir Putin Errusiako presidenteak.
"Errusiako Federazioaren segurtasuna bermatzeko neurri ekonomiko bereziak hartzeko" dekretua sinatu du gaur Kremlineko buruzagiak, Errusiako albiste-agentziek jakitera eman dutenez.
Neurriek "elikagai, nekazaritza-produktu eta lehengaiei" eragingo diete. Murrizketak "Errusiako pertsona fisiko zein juridikoen aurkako zigor ekonomikoak hartu dituzten edo babesa eman dieten" herrialdeei aplikatuko dizkiete.
Epearen aldaketa
Gainera, debekuaren epea aldatzeko aukera ematen du dekretuak. Horrela, Errusiako merkatuan lekurik ez duten produktuak zehazteko eskatu dio Putinek Dmitri Medvedev lehen ministroaren Gobernuari.
Era berean, inportazioen murrizketari aurre egiteko produktu nazionalen eskaintza areagotzea eta prezioen igoera saihestea eskatu dio presidenteak Exekutiboari.
Zigorrei "erantzuteko neurriak prestatzea" eskatu zion atzo Errusiako buruzagiak Gobernuari.