Mundua -
Ukraina
Erresuma Batuak ikertuko ditu Malaysiako hegazkinaren kutxa beltzak
Europako 28ek Errusiari zigor ekonomikoak ezartzeko eskatu diote Batzordeari; Etxe Zuriak, aldiz, 'aukera' bat baino ez dela adierazi du.
Erredakzioa
Uztailaren 17an Ukraina ekialdean erori zen Malaysian Airlines konpainiako hegazkinaren kutxa beltzak aireko istripuetan espezializatutako Farnborough hiriko talde britainiar batek ikertuko ditu, gaur David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak jakinarazi duenez.
"Holandaren eskaerei kasu egin diegu, eta Farnborougheko ikertzaile talde bat saiatuko da MH17 hegaldiko kutxa beltzetatik informazioa ateratzen, nazioartean ikertu ahal izateko", azaldu du Cameronek Twitter bidez.
Lehenago, Mark Rutte Holandako lehen ministroak esan du istripuan hildako 298 pertsonen gorpuak –horietatik 10 britainiarrak- daramatzan hegazkina bihar goizean iritsiko dela Eindhovenera.
Garraio Ministerio britainiarreko bozeramaileak gaur adierazi du Aireko Istripuen Ikerketarako Taldeak (AAIB, ingelesez) kutxa beltzetako informazioa 24 ordu baino gutxiagotan lortuko duela uste dela.
"Ez dakigu zenbat denbora beharko den kutxa beltzak jasotzeko, baina ikerlariek uste dutenez, iristen direnetik 24 ordutara informazio guztia aterata egongo da", adierazi du bozeramaileak.
Behin datuak lortuta, AAIBk ez ditu publiko egingo, Holandako agintariei igorriko baitizkie; haiek erabakiko dute zer esan eta zer ez.
Bestalde, erakunde britainiarreko bozeramaile batek berretsi du errusiazaleek aurkitutako eta emandako kutxa beltzekin egingo dutela lan. Ukrainak, AEBk eta mendebaldeko aliatuek matxinoei leporatu diete hegazkina eraitsi zuen misila jaurti izana.
28ek Errusiari isun ekonomikoak jartzeko eskatu diote EBri
Europar Batasuneko Atzerri ministroak Malaysia Airlineseko MH17 hegaldiaren eraisketa nazioartean ikertzearen alde agertu dira, eta Europar Batzordeari eta Europako Atzerri Ekintzarako Zerbitzuari eskatu diote "Errusiaren aurkako balizko isunak" prestatzeko lanak amaitzeko eta "proposamenak aurkezteko".
"Batzordeak zenbait arlotan neurriak hartu behar dituela erabaki dugu, besteak beste, defentsan, erabilera bikoitzeko ondasunetan, goi teknologian, energia sektorean eta zerbitzu finantzarioetan", adierazi du Frans Timmermans Holandako Atzerri ministroak bileraren ostean.
Proposamenek prest egon beharko dute ostegunean, uztailak 24, 28en ordezkariei aurkeztu ahal izateko, Europako iturriek jakinarazi dutenez.
Ez dute baztertu bilera europarra deitzea isun ekonomikoak adosteko.
Etxe Zuriak isuna 'aukera' bat baino ez dela adierazi du
Estatu Batuetako Gobernuak ez dio aterik itxi Errusiako agintari eta entitateei, Ukrainako krisia dela eta, isunak jartzeari, eta zigorren zerrenda zabaltzea Washingtonentzat 'aukera' bat baino ez dela adierazi du.
Josh Earnest Etxe Zuriko bozeramaileak prentsaurreko batean azaldu du AEBk begi onez ikusten duela EBk Errusiaren aurkako neurriak hartzea.
"Zigor gehiago ezartzeko borondatea aukera ireki bat da guretzat", zehaztu du, Malaysia Airlinesen hegazkinaren eraisketaren inguruan Washingtonek har ditzakeen neurrien harira.