Mundua -
Tragedia Ukrainan
Matxino errusiazaleek hegazkinaren kutxa beltzak entregatu dituzte
Gorpuak dituen tren-izozkailua Kharkivera iritsi da jada. Bertan, adituek aztertu egingo dituzte.
Erredakzioa
Matxino errusiazaleek ustez misil batek Ukraina ekialdean eraitsi zuen Boeing-777 hegazkinaren bi kutxa beltzak entregatu dizkiete Malaysiako agintariei.
"Ez gara inori ezer egozteko etorri. Bi kutxa beltzak Malaysiarenak dira. Itxura batean, badirudi ukitu gabe daudela", azaldu du Malaysiako koronel batek, matxino errusiazaleekin bildu eta gero.
Aleksandr Borodai Donetsk eskualde matxinoaren lehen ministroak eman dizkie kutxa beltzak, bere Gobernuaren egoitzan egindako ekitaldi batean.
"Orain hiru gauza egin behar ditugu: gorpuak aberriratu, kutxa beltzak eraman eta objektu pertsonalak jabeei itzuli", azaldu du koronel malaysiarrak.
Bordairen ustez, kutxa beltzak aztertzeak "hondamendi izugarri hau" nola gertatu den argitzea ahalbidetuko du.
"Ukrainak ez du nazioarteko ikerketa objektibo bat nahi, egia azaleratzea saihesteko", esan du, eta ukatu egin du matxinoek hegazkina eraitsi izana. "Ez dugu [hori egiteko beharrezkoa den] teknologia, eta, are garrantzitsuago, ez genuen arrazoirik, ez baitugu ezer irabazten tragedia honekin", ohartarazi du.
Bestalde, 282 gorpu dituen tren-izozkailua Kharkivera iritsi da jada. Bertan, hainbat adituk aztertuko dituzte gorpuak, tartean Herbehereetako adituek, biktima gehienak herrialde horretakoak baitziren.