Mundua -

Gerra Ukrainan

Misila errusiazaleek jaurti zutela esan dute AEBek

Hegazkina dagoen tokira heltzeko oztopoak jarri dizkietela salatu dute Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundeko ikuskatzaileek.

Ukraina hegazkin istripua
Ukraina hegazkin istripua
Obamaren arabera, matxino errusiazaleek eraitsi dute hegazkina

1:36

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Matxino errusiazaleek Malasya Airlineseko MH17 hegazkina eraitsi zuen misila jaurti zutela adierazi dute gaur mendebaldeko herrialdeek. Era berean, Errusiak erantzukizuna duela esan dute; izan ere, matxinoei babesa eman die.

AEBko enbaxadoreak agerraldia egin du NBEren Segurtasun Batzordean, eta bertan esan du hegazkina nahita eraitsi zela, matxino errusiazaleek kontrolpean duten eremu batetik. "Litekeena lurretik botatako SA-11 misil batek eraitsi izana'', gaineratu du Samantha Power AEBko enbaxadoreak.

Powerrek gogorarazi du milizia errusiazaleek horrelako erasoak egiteko adina teknologia dutela, eta beste hegazkin batzuek ere eraitsi dituztela Ukrainako gatazka hasi zenetik. Gainera, AEBko ordezkariak esan du hegazkina bota zuten egun berean, matxinoak SA-11 misilekin ikusi zituztela zonalde berdinean, eta milizietako buruek hegazkin bat eraitsi zutela esan zutela sare sozialetan; mezuak, ordea, ezabatu egin zituzten.

AEBko ordezkariak azpimarratu du, arma horien konplexutasuna dela eta, oso litekeena dela matxinoek euren kabuz bakarrik erabili ez izana. Hori dela eta, "errusiarren laguntza" ezin dela baztertu esan du.

Erresuma Batua eta Frantzia

Errusiak matxino errusiazaleei armak, ekipamendua eta laguntza logistikoa "sistematikoki" eman diela salatu du Mark Lyall Grant Erresuma Batuko enbaxadoreak.

"Sortu duen egoeraren inguruko gogoeta egitea eskatzen dio Erresuma Batuak Errusiari. Talde separatista armatuei emandako babesa politika bukatzeko eskatzen diogu Errusiari", erantsi du.

Era berean, Ukrainako gerrari babesik ez emateko eskatu dio Gerard Araud Frantziako ordezkariak Errusiari. Gatazkaren konponbidean laguntzeko elkarrizketa sustatzeko eskatu dio Moskuri.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak ikerketa "sakona eta objektiboa" egitea eskatu du.

Ikuskatzaileen salaketa

Hegazkina dagoen tokira heltzeko oztopoak jarri dizkietela salatu dute Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundeko ikuskatzaileek.

"Espero zuten sarrera ez dute izan. Lan egiteko behar zuten mugimendu askatasuna ez dute izan. Istripuaren lekua ez dute hesitu", adierazi du Thomas Greminger erakundeko presidenteak.

17 ikuskatzaileek 75 minutu eman dituzte istripuaren tokian, Gremingerrek ziurtatu duenez. Taldea larunbatean itzuliko da ezbeharraren lekura.

Hegazkina Amsterdam-Kuala Lumpur bidea egiten ari zen, eta Sneshnoye herrian erori zen, Errusiako mugatik 50 kilometrora.

"280 bidaiariak eta 15 tripulatzaileak hil dira", iragarri zuen atzo Anton Gueraxenkok, Ukrainako Barne ministroaren aholkulariak, Facebooken.

Horren esanetan, Donetsk eskualde matxinoan jaurtitako misil batek eraitsi du hegazkina. Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak gertatutakoa "ekintza terrorista" izan dela adierazi du.

Nolanahi ere, Donetsk eskualdeko agintari matxino errusiazaleek ukatu egin dute 10.000 metrora dagoen hegazkin bat eraisteko armak dituztela. Hori dela eta, Ukrainako Armadari egotzi diote gertatutakoa.

NBEk nazioarteko ikerketa eskatu du

Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Batzordeak nazioarteko ikerketa independentea eskatu du Malaysia Airlineseko hegazkin komertzialak Ukraina ekialdean izandako istripua argitzeko.

Nazio Batuen erabaki organo nagusiak minutu bateko isilunea egin du biktimen omenez, eta Ukrainako gatazkako alde guztiei istripuaren zonaldera sarrera berehala irekitzeko eskatu die.

Obamak su etena eskatu du

Barack Obama AEBko presidenteak berehalako su.etena eskatu du Ukraina ekitaldean, Malaysia Airlines konpainiako hegazkinarekin gertatutakoa ikertzeko. ‘’Su-etena ezinbestekoa da, berehala’’, esan du Etxe Zurian egin duen agerraldian.

"Frogei ezin zaie oztoporik jarri. Ikertzaileek istripuaren tokira joan behar dute", gehitu du, eta FBIko talde bat eta Garraioaren Segurtasun agentzia Ukrainara bidean direla adierazi du, ikerketan laguntzeko.

Dena dela, Obamak adierazi du goizegi dela misila jaurti zutenen helburuak zeintzuk ziren jakiteko, eta ez du zuzenean Vladimir Putin presidente errusiarra errudun jo nahi izan.

Frogen gerra

Propaganda eta desinformazio gerra honetan, Ukrainako segurtasun zerbitzuek matxino errusiazaleen arteko hainbat elkarrizketa bildu dituztela iragarri dute. Horietan, hegazkina eraitsi izana aitortzen omen dute. Hemen entzun dezakezu:

Halaber, Ukrainako Barne Ministerioaren esanetan, matxinoek Errusiara eraman dute jada hegazkina suntsitzeko erabilitako aire-defentsa.

Moskuk aire-defentsa ukrainar bat pizten atzeman du, erradarren bidez.

Bestalde, matxinoek hegazkinaren kutxa beltza topatu dute, eta nazioarteko behatzaileei emateko prest agertu dira.

Denak dira susmagarri

Jesus Torquemada eitb.eus-en nazioarteko adituak azaldu duenez, "Errusiak eta Ukrainak hegazkinak eraisteko misilak dituzte, eta, beraz, hasiera batean denak dira susmagarri".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko azken orduko berriak Ukraina albisteak Ameriketako Estatu Batuak albisteak Errusia albisteak Barack Obama argazkiak Hegazkin istripuak albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Errusia-Ukraina gerra