Mundua -
'Ertz Babeslea' operazioa
Milaka palestinar ihesean edo babes bila, Israelen mehatxua dela eta
Israeleko Armadak ultimatuma eman die herritarrei, 166 palestinar hil eta 1.100 inguru zauritu eta gero.
Erredakzioa
4.000 palestinarretik gora babes bila aritu dira gaur Nazio Batuen Erakundeak Gazan dituen eraikinetan, azken orduotan Israelgo Armadak erasoak indartu eta 24 ordutan 45 pertsona hil eta 131 zauritu ostean.
Chris Gunnes Palestinako errefuxiatuen agentziako (UNRWA) bozeramaileak jakinarazi duenez, 166 pertsona hil dituzte (23 haur) eta 1.100 baino gehiago zauritu 2007an Hamasek Gazan agintea lortu zuenetik Israel egiten ari den hirugarren erasoaldiaren sei egunetan.
"Gazako egoera hondamendia da eta ezin da aurrikusi zer gertatuko den. Milaka pertsona ihes egiten saiatzen ari da erasoengatik izututa, eta UNRWAren eraikinetan babes bila ari dira. Zortzi eskola ireki ditugu eta gaur bertan 4.000 pertsonatik gora etorri zaizkigu babes bila", azaldu du Gunnesek.
Netanyahuk baztertu egin du su-etena
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Gazako herritarrak "giza ezkutu" moduan erabiltzea leporatu dio Hamasi, eta argi adierazi du Israelgo Armadak ez duela su-etenik emango eta erasoekin jarraituko duela egonkortasuna lortu arte.
"Israel kanpaina militar gogorra egiten ari da Hamasen, Jihad islamikoaren eta Gazako Eremuko beste talde terrorista batzuen kontra", adierazi du Netanyahuk ministroen bileraren hasieran.
"Hasiera hasieratik esan duen indar handiz erantzungo genuela gure herritarren kontrako jaurtiketa kriminalei aurre egiteko, eta horretan dihardugu", gaineratu du lehen ministro israeldarrak.
166 hildako
Seigarren eguna hasi du gaur, igandea, Israelek Gazan abiarazitako 'Ertz Babeslea' operazio militarrak. Sei egun horietan, juduek 166 palestinar hil eta 1.100 bat inguru zauritu dituzte, eta azken 24 orduotan, aireko erasoak areagotu dira, lurrez eraso egin dute eta su-etena adosteko saiakerak ere izan dira.
Israelgo soldaduek ordu erdi inguru egon dira Gazan, helikoptero armadun eta gerra-ontzien babespean, eta palestinarrek misilak jaurtitzeko ustez erabiltzen dituzten gailuak suntsitu dituzte juduek.
Eraso hori, Israelek onartzen duen lurrez egindako lehenengo erasoaldia da.
Judutarren azken bonbardaketa sortak 18 palestinar hil ditu Tuffah auzoan, Gaza hiriburuan, hegazkin batek meskita bat eta horren ondoan zegoen etxebizitza baten kontra eginda, Ashraf al Qedra Zerrendako larrialdi zerbitzuetako bozeramaleak esan duenez.
Beste hiru palestinar hil dira Gaza hegoaldean, islamiarren aurka egindako zenbait erasotan, Rafahn, eta bonbardaketak 35 zauritu inguru eragin ditu, zaurituen artean, Taysir al Batsh Zerrendako polizia-burua da, Maan bertoko albiste agentziaren arabera.
Azken biktimok zenbatuta, 165 dira guztira hildakoak eta 1.000 zaurituan, gehientsuenak zibilak.
Israeleko Armadaren ultimatuma
Israeleko Armadak ultimatuma eman dio Gazako bizilagunei, euren etxebizitzatik alde egin dezaten, 12:00ak baino lehen (hemengo 11:00ak), bonbardaketa egingo baitute.
Airetik botatako oharrean, eta bide elektronikoak ere erabilita, Armada juduak "abisua" jaso dutela eta gune horretan ez egoteko "kontuz" ibili behar direla esan die hiritarrei.
Oharren arabera (arabieraz idatzia), "Armadak Al Atara ekialdeko, As-Sultan kaleko eta Yabalia inguruetako azpiegitura terroristen kontra erasoa egiteko asmoa du".