Mundua -

'Ertz Babeslea' operazioa

Israelek lurrez eraso egin du Gazan, operazioaren seigarren egunean

Israeleko Armadak ultimatuma eman die herritarrei, 165 palestinar hil  eta 1.000 inguru zauritu eta gero.

Juduak, blindatuen gainean. Irudia: EFE
Juduak, blindatuen gainean. Irudia: EFE
165 hildakotik gora eta 1.000 zauritu Gazako Zerrendan

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Seigarren eguna hasi du gaur, igandea, Israelek Gazan abiarazitako 'Ertz Babeslea' operazio militarrak. Sei egun horietan, juduek 165 palestinar hil eta 1.000 bat inguru zauritu dituzte, eta azken 24 orduotan, aireko erasoak areagotu dira, lurrez eraso egin dute eta su-etena adosteko saiakerak ere izan dira.

Israelgo soldaduek ordu erdi inguru egon dira Gazan, helikoptero armadun eta gerra-ontzien babespean, eta palestinarrek misilak jaurtitzeko ustez erabiltzen dituzten gailuak suntsitu dituzte juduek.

Eraso hori, Israelek onartzen duen lurrez egindako lehenengo erasoaldia da.

Judutarren azken bonbardaketa sortak 18 palestinar hil ditu Tuffah auzoan, Gaza hiriburuan, hegazkin batek meskita bat eta horren ondoan zegoen etxebizitza baten kontra eginda, Ashraf al Qedra Zerrendako larrialdi zerbitzuetako bozeramaleak esan duenez.

Beste hiru palestinar hil dira Gaza hegoaldean, islamiarren aurka egindako zenbait erasotan, Rafahn, eta bonbardaketak 35 zauritu inguru eragin ditu, zaurituen artean, Taysir al Batsh Zerrendako polizia-burua da, Maan bertoko albiste agentziaren arabera.

Azken biktimok zenbatuta, 165 dira guztira hildakoak eta 1.000 zaurituan, gehientsuenak zibilak.

Israeleko Armadaren ultimatuma

Israeleko Armadak ultimatuma eman dio Gazako bizilagunei, euren etxebizitzatik alde egin dezaten, 12:00ak baino lehen (hemengo 11:00ak), bonbardaketa egingo baitute.

Airetik botatako oharrean, eta bide elektronikoak ere erabilita, Armada juduak "abisua" jaso dutela eta gune horretan ez egoteko "kontuz" ibili behar direla esan die hiritarrei.

Oharren arabera (arabieraz idatzia), "Armadak Al Atara ekialdeko, As-Sultan kaleko eta Yabalia inguruetako azpiegitura terroristen kontra erasoa egiteko asmoa du".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken ordukoa Gazako albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Israel Zer gertatzen ari da gaur Palestinan? Ekialde Hurbila gaur