Mundua -

Palestina-Israel

Su-etena onartzeko deia egin du NBEko Segurtasun Kontseiluak

Dena den, momentuz ez dago su eten zantzurik Palestinan. Bertako iturrien arabera, gutxienez 133 lagun hil dira azken bost egunetan.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Tankeekin lurreko erasoari ekingo ote dion beldur dira palestinarrak

1:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak su-etena onartzeko, zibilak babesteko eta nazioarteko legedia babesteko eskatu die israeldarrei eta palestinarrei larunbat honetan. Negoziazio luzeen ondoren, ebazpen bateratu bat onartu dute Segurtasun Kontseiluko kideek.

"Segurtasun Kontseilua arduratuta dago Gazako krisia eta bi aldeetako zibilen egoera dela eta", adierazi du Eugene Richard Gasana kontseiluko kideak.

Gaur arte, NBEko Segurtasun Kontseiluak ez du Ekialde Hurbilean izandako azken gertaeren inguruko adierazpenik egin. Ebazpenean, tentsioa baretzeko eta lasaitasuna bermatzeko dei egin die bi aldeei. Halaber, bakea lortzeko negoziazioei berriro ekiteko deia egin die israeldarrei eta palestinarrei.

Ostegunean bilera egin zuten NBEko Segurtasun Kontseiluko kideek, baina orduan ez ziren ados jartzeko gai izan. Gaur, ordu luzeetako negoziazioen ondoren, akordioa lortu dute.

Dena den, momentuz ez du eraginik izan Gazan; izan ere, eskualdearen kontrako erasoak etengabeak dira. Palestinako iturrien arabera, gutxienez 133 lagun hil dira azken bost egunetan.

Israelgo Armadak Gaza iparraldea jendez hustuko du

Israelgo Armadak jakinarazi duenez, Gaza iparraldea jendez hustutzeko eskatuko du Hamasen kontrako erasoari ekin aurretik.

Hamaseko kideak zibilen atzean babesten ari dira Armadaren arabera, eta, ondorioz, zibilak ebakuatu eta suziriak jaurtitzen ari diren guneen kontrako erasoari ekingo dio Israelek.

Eurean artean "terroristak" daudela eta gune horretatik irteteko eskatuko zaie zibilei. "Ebakuazioaren ondoren, eraso gogorra izango da han", gaineratu dute Israelgo Armadako iturriek.

Gutxienez 15 palestinar hil dira Gazan, Polizia-etxe baten kontrako erasoan

Gutxienez 15 zibil palestinar hil eta 20 lagun zauritu dira larunbat honetan Gazan, Israelek Polizia-etxe baten kontra egindako erasoan.

Ashraf Al Qedra Gazako larrialdi zerbitzuetako bozeramaileak azaldu duenez, Israelen erasoaren jomuga zen Polizia-etxearen inguruko meskita batean zeuden biktimak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken orduko albisteak NBE Gazako albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Israel albisteak azken ordukoa Palestina albisteak Ekialde Hurbila Hamas