Mundua -

Gatazka

Israelek Gazari eraso egin dio eta Hamasek koheteak jaurti ditu

EBk, NBEk eta Barack Obama AEBko presidenteak neurriz jokatzea eskatu diete israeldarrei eta palestinarrei, azkenaldian tentsioa zeharo areagotu dela ikusita.

Gaza
Gaza
Israelgo armada lurreko erasoa prestatzen hasi da

1:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

20 pertsona inguru hil dira, horietako lau zibilak, eta 40 inguru zauritu Israelek Hamasen kontra Gazako Zerrendan abiarazi duen operazioan. Juduek "luzea eta gogorra" izango dela ohartarazi dute.

Gazako Zerrendako Larrialdietako bozeramalearen arabera, hildakoetako batzuk umeak dira, eta beste zibil batzuekin zeuden Israelek bonbak bota dituenean.

Hildakoen artean hiru ume zenbatu dituzte. Gazako Sheij Radwan auzoan haur bat hil eta beste bi zauritu dituzte bonbardaketek gauean.

Bestalde, Israeleko Segurtasun Kabineteak 40.000 erreserbista deitu ditu, Gazako Zerrendan lurretik eraso egiteko prestatzen ari den operazioaren baitan.

Tropen mobilizazioa ez da berehalakoa izango, mailakatua izango da, eta Zerrendan sakabanatuta dauden indarrei babesa ematea da helburua.

Hamasen koheteak

Gainera, Tel Aviven aurka jaurtitako kohete bat indargabetu du Israelek, iturri militarrek jakitera eman dutenez. Horrela, Palestinako miliziarren jaurtigaia lurrera bota du 'Iron Dome' sistemak.

Gazatik Israelen aurka 30 kohete baino gehiago jaurti dituzte. Kohete batzuek Jerusalem izan dute jomuga. Jaurtigai batek etxebizitza batean kalteak eragin ditu, baina ez du biktimarik utzi.

Lekukoek jakitera eman dutenez, jaurtigaiak sirenak aktibatu ditu aurreneko aldiz Israelek Hamas mugimendu islamiarraren aurkako erasoa hasi duenetik. Kohetea Mate Yehudahn erori da, Jerusalemetik mendebaldera dagoen zona menditsu batean.

Pisgat Zeeven, Ekialdeko Jerusalemeko kolono auzo juduan, beste kohete bat erori da, Israelgo komunikabideek jakitera eman dutenez.

Jerusalemen aurka lau kohete M75 jaurti dituela onartu du Hamasek agiri batean.

Era berean, Haifaren aurka koheteak jaurti dituztela ziurtatu dute Azedim Al Kasem brigadek. Haifa Israelgo iparraldeko kostaldean dago, Gazatik 150 bat kilometrora.

EBk, NBEk eta Obamak neurriz jokatzea eskatu dute

Barack Obama AEBko presidenteak zigorrak eta mendekuak egitea baino, neurriz jokatzea eskatu die israeldarrei eta palestinarrei.

Haaretz egunkarian argitaratutako artikulu batean Obamak esan duenez, "une arriskutsu honetan, alde guztiek errugabeak babestu behar dituzte, eta zuhurtziaz eta neurriz jokatu, ez mehatxuak eta zigortzeko ekintzak eginez".

Gazako Zerrendatik Israelen aurka jaurtitzen ari diren koheteak eta Israelen erasoak utzi dituen biktimak deitoratu eta gaitzetsi ditu Europar Batasunak. Berehala su-eten bat deitzea eskatu du EBk.

"Bereizi gabe, Israelen aurka Gazako Zerrendatik jaurti dituzten koheteak irmo gaitzesten ditu EBk", Catherine Ashton Europako diplomaziaren buruzagiak adierazi duenez.

Ban Ki Moon NBEko idazkari nagusia kezkatuta agertu da Gazako Zerrendaren eta Israelgo hegoaldearen egoerak direla eta. Horregatik, bi aldeei neurriz jokatzeko eskatu die, "indarkeria areagotu baita".

Azken egunetako istiluetako bat. EFE

Operazio luze eta gogorra

Operazio militar luze eta gogor baterako prest egoteko eskatu dio Armadari Benjamin Netanyahu Israeleko lehen ministroak. Baliteke operazio horren barruan Gazan Hamasen kontrako lurreko operazioa egitea aurreikusita egotea.

Netanyahu segurtasunari buruzko bilera batean egin du iragarpena. Bilera horretan izan dura, Moshe Yaalon Defentsa ministroa, Benny Gantz Estatu Nagusiko arduraduna eta Yoram Cohen, barne zerbitzu sekretuetako zuzendaria, Haaretz egunkariak aipatutako goi-kargudun baten arabera.

Israeleko Armadak 50 bonbardaketa baino gehiago egin ditu goizaldean, Gazako Zerrendan, Palestinan, 'Muga Babeslea' Hamasen kontrako operazioa abiatu dutela iragarri eta ordu gutxira, azkenaldian tentsioa areagotu eta bi aldeen artean zenbait tiroketa izan ostean.

Maan Palestinako albiste agentziak esan duenez, 14 bat palestinar zauritu dira bonbardaketetan, baina kopuruak gora egin lezake, zenbait etxebizitza suntsitu baititu Israelek.

Israelgo Armadatik zabaldu dutenaren arabera, palestinarrek zortzi misil bota dituzte 02:00ak eta 06:00ak bitartean, eta operazioak datozen egunetan jarraituko duela eta lurrez eraso egiteko lanak prestatzen ari direla gaineratu du.

"Operazioa areagotu egingo dugu"

"Operazioa areagotu egingo dugu, Gazako Zerrendaren kontrako helburuen kalitatearen eta kantitatearen aldetik, Hamasek atzo eraso gehiago egin eta gero", plazaratu du Haaretz Israelko hedabideak Armadako iturriak aipatuta.

Ezzedin al Qassam Hamasen talde armatuak, bestalde, ohar baten bidez esan duenez, "etxebizitzak bonbardatzea marra gorria da", eta Israelek "erasoak bertan behera utzi ezean, helburuen eremua zabalduko dugu".

Hamaseko lau kide hil dira

Hamasen beso armatuko Azedim Al Kasam brigadako gutxienez lau kide hil dira gaur, Gazatik Israelgo lurretara iristear zeudela, Israelgo armadarekin izandako borrokan.

Peter Lerner atzerriko prentsarentzat bozeramaile militarrak gertakariaren berri eman du, eta erasoan soldadu israeldar bat zauritu dela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea EB Barack Obama argazkiak NBE albisteak Gazako bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Israel albisteak azken ordukoa Zer gertatzen ari da gaur Palestinan? Ekialde Hurbileko albisteak