Mundua -
Independentzia
Irakeko Kurdistanek autodeterminazio erreferenduma iragarri du
Masud Barzani presidenteak esan du Irak jada herrialde zatitua dela, eta independentzia kurdu guztien eskubidea dela.
Erredakzioa
Hilabete batzuk barru independentzia erreferenduma egiteko asmoa du Irakeko Kurdistanek, Masud Barzani bertako presidenteak asteartean iragarri duenez.
BBC Britainia Handiko telebista katean egindako adierazpenetan, Barzanik adierazi du Irak jada herrialde zatitua dela, eta independentzia kurdu guztien eskubidea dela.
"Berriki gertatu den guztiak agerian uzten du Kurdistanek independentzia lortzeko eskubidea duela", esan du.
"Aurrerantzean ez dugu ezkutatuko hori dela gure helburua. Irak benetan zatituta dago orain. Horrela egon behar al dugu? Ez dut nik hartuko independentziaren inguruko erabakia. Herritarrek hartuko dute. Erreferenduma egingo dugu, hilabete batzuk barru", azaldu du.
Edonola ere, presidenteak azpimarratu du kurduek lan garrantzitsua egingo dutela Iraken sortutako krisi politikoari irtenbidea emateko.