Mundua -

Irakeko gatazka

ISISek kalifato islamikoa ezarri du Iraken

Estatu Islamikoak "mundu guztiko musulmanentzat iman eta kalifa" izendatu du Abu Bakr al-Bagdadi liderra.

Irak
Irak
Irak

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irakeko eta Sortaldeko Estatu Islamikoak (ISIS) kalifato islamikoa ezarri du, eta Abu Bakr al-Bagdadi "musulman guztien kalifa" izendatu du, Irak iparraldeko eta mendebaldeko zati handi bat kontrolpean hartu ostean.

Izendapen horrekin batera, Irakeko Gobernuaren indarrek Errusiaren laguntza militarra jaso dute, bost gerra hegazkin iritsi baitira matxinoen aurka galdutako lurrak errekuperatzen saiatzeko.

Indar Armatuek lurretik egingo dituen erasoei aireko babesa eskainiko diete hegazkinek, ekainaren 10ean galdutako zonalde garrantzitsuak errekuperatzeko. Egun hartan, matxinoek Mosul (Irakeko bigarren hiria) eta Bagdad iparraldeko Tikrit menpean hartu zituzten.

ISIS buru duten matxino sunnitek Irak iparraldeko eta mendebaldeko zati handiak dituzte kontrolpean, Siria ipar-ekialdean jihadisten menpe dauden lurrekin lotuta.

Kalifatoaren ezarpenean, ISISek "Irakeko eta Sortaldeko" izendapena albo batera uztea erabaki du, eta aurrerantzean "Estatu Islamikoa" izango da horren izena.

XX. mendean Turkiako kalifato otomandarra erortzean desagertutako sistema politiko horren helburua musulman guztiak kalifa bakarraren gobernupean batzea da, hori izanik agintari nagusia politikan eta erlijioan.

Hori dela eta, Estatu Islamikoak "Hau da Jainkoaren agindua" ediktuan ezarri duenez, Ibrahim ibn Awad liderra, Abu Bakr al-Bagdadi izenarekin ezagunagoa, "mundu guztiko musulmanen iman eta kalifa" izango da.

"Kalifato honekin argi utzi nahi dugu derrigorrezkoa dela musulman guztiek Ibrahim kalifa babestea eta harekin leialak izango direla hitz ematea", adierazi du erakunde jihadistak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Estatu islamiarra berriak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Irak Ekialde Hurbila gaur