Mundua -
Gatazka
Biyiko findegia eta Tal Afar kontrolpean dituela dio Irakeko Armadak
Barack Obamak ez du, oraingoz, bonbardaketarik egingo Iraken. AEBetako presidenteak inteligentzia alorrean lagunduko die indar armatuei.
Erredakzioa
Matxinoek Biyiko findegia, Irakeko handiena, kontrolpean hartzeko saiakera ekidin duela adierazi du Irakeko Armadak. Horrez gain, Tal Afar ere berreskuratu dutela iragarri dute.
Bagdaden emandako prentsaurrekoan, Qasem Ata Armadako buruzagiak esan du findegia elite indarren eskuetan dagoela eta borrokan 40 matxino inguru hil dituztela.
Irakeko eta Levanteko Estatu Islamiarra izeneko taldeko matxinoek egindako erasoaren ondorioz, findegian sutea piztu da. Irakeko hegazkinek inguruak bonbardatu dituzte, matxinoak findegitik aldentzeko.
Findegia Saladino probintzian dago eta bertan 12 jihadista operazio ezberdinetan hil dituztela ere esan du Armadako buruzagiak. Samarran ere egoera kontrolpean dute.
Tal Afar hiriari dagokionez, Atak kontrola berreskuratu dutela azpimarratu du. Tal Afar Mosulen eta Siriako mugaren artean dago, eta matxinoek duela bi egun hartu zuten.
Obamak bonbardaketak baztertu ditu, momentuz
Barack Obama AEBetako presidenteak ez du, oraingoz, Iraken bonbardaketarik egingo muturreko sunien kontra, Wall Street Journalek jakitera eman duenez, eta babes politikoa bilatuko du eskualdean eta inteligentzia alorreko laguntza emango dio Armada irakiarrari.
Egunkariak AEBetako funtzionarioak aipatuta azaldu duenez, Obamak "inteligentzia emango dio Irakeko Armadari, eta herrialdean dagoen zatiketa politikoa arintzen eta eskualdean aliatuak bilatzen" saiatuko da.
"Presidentea estrategia oso batean dago zentratuta, ez erantzun militar azkar batean soilik", adierazi dio egunkariari anonimotasuna eskatu dion funtzionarioak.
Bagdadetik gertu
Obamak egunak omen daramatza Segurtasun Nazionaleko kideekin hizketan AEBek Iraken gaur egun hartu beharko lukeen paperaren inguruan, jihadistak indarrez sartu eta gero eta botere gehiago lortzen ari direla eta. Izan ere, dagoeneko Bagdadetik gertu daude.
Irakeko Gobernuak klima politikoa baretzeko neurriak har ditzan nahi du Obamak, eta horretarako inguruko herrialdeen babesa behar du.
Nuri Al Maliki presidenteak Gobernuan gutxiengoan dauden taldeak sartzeari uko egiten badio, AEBek ez diete laguntza militarrik emango indar armatu irakiarrei, aipatu iturrien arabera.