Mundua -
Italia
Italiako itsas armadak 1.812 etorkin erreskatatu ditu Siziliako uretan
Itsas armadak Siziliako uretan egiten ditu erreskate gehien. Armadako kideek etorkinak uretatik atera eta lehorrera eramaten dituzte.
Erredakzioa
Italiako itsas armadak 1.812 etorkin erreskatatu zituen atzo Siziliako uretan, Italiako itsas armadak ohar bidez gaur jakinarazi duenez.
2013ko urriaren 3an Lampedusa parean gertatutako ezbeharraren ondotik, "Mare Nostrum" zaintza dispositiboa jarri zuten martxan. Gogoratu ezbehar horretan 300 etorkin baino gehiago hil zirela. "Mare Nostrum" dispositiboko parte diren ontzi italiarrek gau guztia igaro dute sorospen lanetan.
"Scirocco" fragatak 104 bidaiari zeramatzan patera bat atzeman zuen. "Orione" patruilariak beste bi ontzi atzeman zituen, eta bi ontzietan guztira 421 bidaiari zihoazen, tartean 25 adin txikiko eta 4 jaioberri.
"Chimera" korbetak 592 etorkin zeramatzan patera bati lagundu zion eta "Diciotti" itsasontziak, berriz, 407 bidaiari zeramatzan beste ontzi bat.
Halaber, larunbatean Europako Fortex operatiboak egindako abisuari jarraituz, Italiako itsas armadak 288 etorkin erreskatatu eta Reggio Calabriako portura eraman zituen.
Itsas armadak Siziliako uretan egiten ditu erreskate gehien. Armadako kideek etorkinak uretatik atera eta lehorrera eramaten dituzte.
Gaur goizean etorkin gehiago iritsi dira Siziliara. Italiako itsas armadak azken egunotan itsasoan noraezean zebilen ontzi bat erreskatatu du, barruan 777 etorkin zeramatzala.