Mundua -
Ukraina-AEB
Obama: 'Kanpoko laguntzarekin Ukraina demokrazia oparoa izan daiteke'
AEBko presidentea Petro Poroxenko Ukrainako presidente aukeratuarekin elkartu da, eta Ukrainako Gobernu berria babesteko eskatu die gainerako herrialdeei.
Erredakzioa
Ukraina "demokrazia oparoa" izan daiteke AEBren eta nazioarteko komunitatearen babesa baldin badauka, Barack Obama AEBko presidentearen arabera.
Barack Obamak eta Petro Poroxenko Ukrainako presidente aukeratuak bilera egin dute asteazken honetan. Bileraren ostean, Poroxenko eta Ukrainako Gobernu berria babesteko eskatu die Obamak gainerako herrialdeei, baita Ukrainako Armada eta Polizia trebatzeko laguntza ere.
Obamaren iritziz, Errusiak Ukraina ekialdeko errusiazaleei babesa emateari uztea bermatu behar du nazioarteko komunitateak.
Ukrainako eta AEBko presidenteek herrialdean bakea ezartzeko eta hazkunde ekonomikoa bultzatzeko neurriak aztertu dituzte gaurko bileran, eta arreta bereziz jorratu dute gasaren gaia; izan ere, Ukrainak kontsumitzen duen gasaren eta petrolioaren zatirik handiena Errusiatik dator.
Gaurkoa, Poroxenkok eta Obamak izan duten lehen elkarrizketa izan da. Bi politikariak Varsovian bildu dira, Polonian egin ziren lehen hauteskunde "erdi libreen" 25. urteurrena ospakitzeko ekitaldietan parte hartzeko.
Bestalde, Ukrainako presidente aukeratuak eskerrak eman dizkio AEBri "garai erabakigarri honetan" bere babesa emateagatik.
Gozogintzaren industriarekin aberastu zen Poroxenko enpresariak Ukrainako presidentea aukeratzeko maiatzaren 25ean egin ziren hauteskundeak irabazi zituen.
Obamarekin bilera egin aurretik, John Kerry AEBko Estatu idazkariarekin batzartu da, eta arratsaldean François Hollande Frantziako presidentearekin elkartuko da.