Mundua -
Zorra
Errusiak hilaren 9ra atzeratu du Ukrainari gas-hornidura eteteko eguna
Otsaileko eta martxoko gasaren fakturak kobratu ostean atzeratu dute neurria, baina gasaren hornidura moztuko dute Kievek azaroko, abenduko eta urtarrileko fakturak ordaintzen ez baditu.
Erredakzioa
Gazprom gas konpainia errusiarrak ekainaren 9ra atzeratu du Ukrainari gas-hornidura mozteko eguna, otsaileko eta martxoko fakturak kobratu ostean.
"Ukraina zorra ordaintzen hasi dela jakiteak poztu egin gaitu, eta ekainaren 9ra atzeratuko dugu aurretiaz ordaintzeko erregimena", iragarri du Aleksei Miller Gazprom konpainiako zuzendariak, Ukrainak otsaileko eta martxoko gasagatik 786 milioi dolar ordaindu dizkiola egiaztatu ostean.
Hori horrela, Kievek astebeteko epea izango du azaroko, abenduko eta urtarrileko 1.451 milioi dolarreko zorra ordaintzeko. Zorra kitatuz gero, aurretiaz ordaintzeko erregimena saihestuko luke. Izan ere, bestela, Naftogazek 1.660 milioi dolar ordaindu beharko dizkio Gazpromi, aurreikuspenen arabera, hil honetan kontsumituko duten gasaren truke, ekainaren 9tik aurrera gasik gabe geratu nahi ez badu.