Mundua -

Presidentetzarako bozak

Al Sisik oso garaipen zabala lortu du Egipton

Lehenengo datuen arabera, Armadaren buru ohiak botoen % 95 baino gehiago eskuratu ditu. Abstentzioa altua izan da, nahiz eta bozketa egun batez luzatu.

Al Sisiren aldekoen ospakizunak, Egipton. Argazkia: Efe
Al Sisiren aldekoen ospakizunak, Egipton.
Al Sisiren garaipena Tahir plazan ospatu dute jarraitzaileek

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abdelfatah al Sisi Armadako buru ohiak oso garaipen zabala lortu du Egiptoko presidentetzarako hauteskundeetan, botoen % 95etik gora eskuratuta, bertako hedabideek jakitera eman dutenez.

Presidentetza lortzeko bidean izan duen aurkari bakarrak, Hamdin Sabahi ezkertiarrak % 3ko babesa izan du soilik, lehenengo datuen arabera.

Al Ahram egunkariak zabaldu duenez, 2,2 milioi boto zenbatuta, Al Sisik % 95,35eko babesa jaso du; Sabahik, berriz, % 3,64koa.

Parte-hartzeari buruzko datuak ez dira oraindik oso argiak, eta iturriaren arabera aldatu egiten dira, baina gehienek % 40 eta % 50 artekoa izan dela esan dute.

Polemika handia izan da Egipton boto-emaile kopuruarekin, Hauteskunde Batzorde Gorenak bozketa egun bat luzatzea erabaki ostean. Izan ere, bozketa astelehenean eta asteartean bakarrik izan behar zen, baina bero handiaren ondorioz jende gutxi bertaratu omen zen hauteslekuetan bi egun horietan.

Orain, behin betiko zenbaketa egiteko epea ekainaren 5ean amaituko da, eta orduan jakingo dira datu ofizialak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko azken berriak Epaiketak albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Egiptoko albisteak Ekialde Hurbila