Mundua -
Krisia Ukrainan
Luganskeko matxinoek gerra legea ezarri dute eskualdean
Valeri Bolotov Luganskeko herri errepublika izendatutako eskualdeko buruak iragarri duenez, 18 eta 45 urte arteko gizonezko guztiak mobilizatuko dituzte Ukrainari aurre egiteko.
Erredakzioa
Valeri Bolotov Luganskeko herri errepublika izendatutako lurraldeko buruak gerra legea ezarri du eskualdean eta 18 eta 45 urte arteko gizonezko guztiak mobilizatu ditu Ukrainari aurre egiteko.
"Ukrainako Indar Armatuek Luganskeko herri errepublikako lurraldean ekintza militarrak hasi dituztenez, errepublikaren eremu osoan gerra legea ezartzea eta erabateko mobilizazioa agindu dut", iragarri du Bolotovek kazetarien aurrean.
Era berean, Bolotovek "tropa bakegileen eskuhartzea" eskatu du, "giza hondamendia gertatu aurretik".
"Gure informazioen arabera, 6.000 soldadu ukrainar baino gehiago daude, eta azken egunotan goraka doa" matxinoei aurre egiteko eskualdera joan diren soldaduen kopurua, adierazi du buruzagi errusiazaleak.
Betsalde, bederatzi soldadu ukrainar hil eta 20 bat zauritu dituzte gaur matxino errusiazaleekin izandako liskarretan Volnovajan eta Rubezhnoen, Donetsk eta Lugansk eskualdeetan, Ukrainako Defentsa Ministerioak jakitera eman duenez.