Mundua -

Ukrainako krisia

Donetsk eskualdeak errepublika parlamentarioa aldarrikatu du

Gainera, eskualde matxinoak estatuburua izendatu, eta beste estatu batean integratzeko borondatea azaldu du. Errusia mugak indarrez hartzen saiatzen bada, mugak itxiko dituela ohartarazi du Ukrainak.

Donetsk errepublikako soldaduak. Argazkia: EFE
Donetsk errepublikako soldaduak. Argazkia: EFE
Donetsk errepublikako soldaduak. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donetsk Ukrainako eskualde matxinoak errepublika parlamentarioa aldarrikatu du gaur, beste pauso bat Kievi egindako desafioan. Era berean, estatuburua izendatu, eta beste estatu batean integratzeko borondatea azaldu du.

Denis Puxilin errusiazaleen buruzagi nagusietako bat Donetskeko errepublikaren estatuburua izango da; hau da, Sobiet Goreneko presidentea.

UNIAN albiste-agentziaren arabera, Aleksandr Borodai politologoa lehen ministro izendatu dute, eta Igor Strelkov Errusiako Inteligentzia Zerbitzu Militarreko (GRU) ustezko ofiziala, Defentsa ministro. Biak errusiarrak dira.

Bestalde, errepublika estatu federal batean integratzeko prozedura jaso du Konstituzioak, Errusia edo Ukraina izango den zehaztu gabe. Bata zein bestea izan, aldebiko akordio batean adostu beharko litzateke.

Agiriak bi hizkuntza ofizial onartzen ditu, errusiera eta ukrainera, eta eskubideen berdintasuna eta kultura aniztasuna sustatzea proposatzen du. Gainera, erlijio ortodoxoaren lehentasuna ezartzen du, baina sinesmen askatasuna aitortzen du.

Donetskeko matxinoek independentzia aldarrikatu zuten astelehenean, eta Errusian integratzea eskatu zuten. Aste honetan, indar armatu propioak osatu dituzte, eta lurraldetik ateratzeko eskatu diete Kieveko tropei, "indar okupatzaileak" direla iritzita.

Mugak itxiko dituela ohartarazi du Kievek

Bestalde, Errusia mugak indarrez hartzen edo blokeatzen saiatzen baldin bada, mugak itxiko dituela ohartarazi du Ukrainak, Sergei Astakhov mugako zaindarien bozeramaileak adierazi duenez.

Mugak zeharkatu nahi dituzten garraioei edo pertsonei murrizketak ezar diezazkieketela ohartarazi du Astakhovek. Horrek inguruko bizilagunei eragozpenak eragingo dizkiela erantsi du. Ukrainako mugen urraketak "erantzun azkar eta gogorra" izango duela esan du.

Nazio Batuen erakundeak salatu du adierazpen askatasunaren kontrako erasoak egiten ari direla Ukrainan, kazetariak jazarri eta atxilotuz, besteak beste, giza eskubideen behatzaileek egindako txostenean agertzen denez.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste garrantzitsuak Batasun europarra Ukraina gaur Errusia albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa