Mundua -
Larunbatean
Boko Haram talde islamistari nola aurre egin aztertuko dute Parisen
Nigeria, Txad, Niger, Benin eta Kamerun herrialdeetako estatuburuak Frantzian batzartuko dira. Bileran, 200 neskatoren bahiketaz gain, terrorismoari nola aurre egin izango dute hizpide.
Erredakzioa
Boko Haramen talde terroristari nola aurre egin aztertuko dute larunbat honetan Parisen, Afrikako hainbat herrialdeetako estatuburuk eta Frantziako presidenteak egingo duten bileran. Aipaturiko taldea nazioartean ezagun egin da Nigerian 200 neskatotik gora bahitu ondoren.
Elkarrizketa mahaian hainbat agintari eseriko dira: François Hollande Frantziako presidentea; Goodluck Jonathan, Nigeriakoa; Idriss Déby, Txadekoa; Mahamadu Isufu, Nigerrekoa; Thomas Boni Yayi, Beninekoa; Paul Biya, Kamerunekoa, eta Europar Batasuneko, AEBetako eta Erresuma Batuko ordezkariak.
Epe motzean, bileran bahitutako 200 neskatoren gaia mahai gainean izango dute, eta baita terrorismoari aurre egiteko estrategiak ere.
Antolatzaileen iritziz, gaurko bilerak epe luzera izango ditu emaitzak. Terrorismoari aurre egiteko estrategia bateratua adostu nahi dute, eta mendebaldeko herrialdeak Afrikako estatuei laguntzeko prest daude, batez ere, estrategia eta espioitza alorretan.
Bileraren helburua ekialdeko potentziek Afrikako herriei terrorismoaren aurkako borroka koordinatzen laguntzea da. Horretarako, mugetatik haratago dituzten harremanak sendotu beharko dituzte, Boko Haram eta antzeko taldeek herrialde batetik bestera mugitzeko duten erraztasunarekin amaitzeko. Gaur egun, Boko Haram nahi bezala mugitzen da, baseak herrialde ezberdinetan dituzte eta horrek agintarien zaintza saihestea errazten die.
Boko Haramen kontrako estrategia
Pariseko bileraren bitartez, Nigeriak Boko Harami aurre egiteko modua aldatzea espero dute antolatzaileek. Nigeriak bereizketarik gabeko indarkeria erabiltzen ari da, eta horrek ondorio latzak izaten ditu herritarrengan.
Jonathan presidentearen estrategia horrek kezka sortzen du Frantzian, indarra eta negoziazioa uztartzearen alde daudelako.
Gainera, Nigeriako agintari nagusia Armada bahitutako neskatoak askatzeko erabiltzearen aurka dago, nahiz eta ekialdeko teknikariek haien ezkutalekua aurkitu.