Mundua -

Tentsioak gora egin du

Istilu larriak Turkian meatzarien protestetan

Turkiako sindikatu nagusiek greba orokorra deitu dute dagoeneko 282 heriotza eragin dituen meatzeko istripua salatzeko.

Turkiako meategia
Turkiako meategia
Herritarren haserrea nabarmendu da Turkian

1:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Manifestari batzuk ospitaleratu egin behar izan dituzte poliziak negarra eragiteko gasa erabiliz Somako meatzeko istripua salatzen ari ziren manifestariak geldiarazten saiatu direnean.

20.000 pertsona inguruk manifestazioa egin dute Esmirnan, istripua izan zen meatzetik gertu, pribatizatu dituzten ikatz meatzeetako lan baldintzak salatzeko.

KESK funtzionarioen sindikatuak eta Langile Sindikatu Iraultzaileen Konfederazioak (DISK) gaurko deitu duten greba orokorraren baitan egin dituzte manifestazioak.

Poliziak ur kanoiekin eta negarra eragiteko gasarekin egin du manifestarien kontra, CNNTürk kateak jakitera eman duenez.

Ondorioz, manifestari askok, Kani Beko DISK sindikatuaren presidentea tartean, konortea galdu dute eta anbulantzian ospitalera eraman behar izan dituzte.

Istanbulen ere izan dira istiluak. Poliziak sindikatuek deitutako manifestazio bat geldiarazi du, eta Besiktas auzoko kale garrantzitsu bat itxi du manifestazioak aurrera jarrai ez zezan.

"Ez da istripua, hilketa izan da", oihukatu dute manifestariek, Somako meatzeako langileen segurtasun neurriak murriztu dituztela salatzeko.

Erdoganen laguntzaile bat, hildako meatzari baten senideari jotzen

Turkiako sare sozialetan hautsak harrotu ditu ondoko irudiak: Yusuf Yerkel Erdogan lehen ministroaren laguntzailea hildako meatzarietako baten senideari ostikada ematen.

turkia turquía patada ostikada asesor erdogan REUTERS

turkia turquía patada ostikada asesor erdogan REUTERS

Harrapatutako meatzariak bizirik ateratzeko esperantzarik gabe

Dagoeneko 282 dira Turkia mendebaldeko meatze batean izandako istripuaren ondorioz hildakoak, eta harrapatuta geratu diren meatzariak bizirik ateratzeko esperantza galtzen hasiak dira, Taner Yildiz Energia ministroak jakitera eman duenez.

Ministroak azaldu duenez, 282 gorpu horietako 217 senideen esku utzi dituzte jada, eta datozen orduetan eten egin beharko dituzte erreskate lanak, "gas pilaketak eta suteak daudelako oraindik meategian".

"Azken 12 orduotan ez dugu inor bizirik atera", adierazi du ministroak, harrapatuta dauden meatzariak bizirik ateratzeko esperantza gutxi daudela agerian utziz.

Energia ministroak ez zuen hildakoen kopuruaz espekulaziorik egin nahi izan, baina Turkiako hedabideek esan dute 350 inguru izan daitezkeela.

Babesleku bakarra

Soma meategiko hamalau kidek bakarrik lortu zuten mea-zulo babesleku bakarrean sartzea, eta, behin han zeudela, oxigeno bonbonak txandakatu zituzten, hil baino lehen, Dogan Turkiako agentziari erreskate taldeek adierazi dietenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da munduan gaur? Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Turkia albisteak Manifestazioak Lan gatazkak azken ordukoa Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?