Mundua -
Ukrainiako krisia
Erreferenduma ez dutela atzeratuko esan dute errusiazaleek
Bestalde, Errusiak iragarri duenez, ekainaren 1etik aurrera gas-hornidura aurrez ordaintzeko erregimen bat ezarriko dio Ukrainari.
Erredakzioa
Ukrainiako ekialdean dauden errusiazalek maiatzaren 11n egin nahi duten erreferenduma atzeratzeko Putinek egindako eskariari ezezkoa eman diote. Kremlinak egoera berria zein den aztertuko du.
Dimitri Peskov Kremlineko bozeramaileak esan duenez 'elementu berriak daude eta aztertu egin behar ditugu'.
Donetsk eta Lugansk eskualdeetako errusiazaleek aho-batez onartu dute igandeko erreferenduma ez atzeratzea.
Bozketan baiezkoa irtenez gero Donetsk-eko errepublika popularreko gobernuaren presidenteak Miroslav Rudenkok bost eskualdek (Donetsk, Lugansk, Járkov, Odessa eta Nikolájev) 'Novorossia' (Errusia berria) estatu independente berri bat osatuko dutela esan du.
Putinek atzo erreferendum hau atzeratzeko eskaria egin zuen Kremlinean Europako Segurtasun eta Kooperazio arduradunarekin Didier Burkhalterrekin bildu ostean.
'Ukrainiako hego ekialdeko ordezkariei eta herrialdea federalizatu nahi duten alderdiei maiatzaren 11ko erreferenduma atzeratzea eskatzen diegu', esan zuen Errusiako presidenteak.
Putinek errusiazaleei eskatutako pausu honekin Kiev-eko ordezkariekin 'elkarrizketa bideratzeko baldintza aproposak sortuko direla' baieztatu zuen.
Errusiak gas-hornidura aurrez ordaintzea eskatu dio Ukrainari
Errusiak ostegun honetan iragarri duenez, ekainaren 1etik aurrera gas-hornidura aurrez ordaintzeko erregimen bat ezarriko dio Ukrainari, Gazprom korporazioarekin Kievek dituen zorren ondorioz, Errusiako Energia Ministerioak jakitera eman duenez.
Ukrainak Errusiako gasagatik dituen zorrak ordaintzeko epea atzo amaitu zen. Maiatza hasieran zorra 3.500 milioi dolarrekoa zen.
Alexandr Novak Errusiako Energia ministroak azaldu duenez, Gazpromeketa Naftogaz Ukrainako kontsortzioak 2009an sinatu zuen akordioaren arabera, obligazioak ez betetzeak automatikoki aurrez ordaintzeko erregimena jartzera eramango du.
Gazpromek hilaren 16an jakinaraziko dio Naftogazi ekainerako aurreikusitako gas bolumenak. Ukrainak aurrez behar diren funtsak ematen dituen neurrian emango da hornidura.