Mundua -
Kris
Errusiazaleek Mariupolen Ukrainaren erasoa hasi dela esan dute
Halaber, Ukrainako Parlamentuak maiatzaren 25eko erreferendumaren aurka bozkatu du. Galdeketa lurralde batasunari eta herrialdearen deszentralizazioari buruzkoa zen.
Erredakzioa
Errusiazaleen miliziek astearte honetana azaldu dutenez, Ukrainako indarrek Mariupol kostako hiriaren aurkako erasoa hasi dute, Donetsken.
"Hiriko mendebaldean dauden geure kontrol postuen aurkako erasoaren berri izan dugu oraintxe bertan. Oraindik ez dago biktimen berririk. Dirudienez, erasoa hasi da", adierazi du agentzia bateko matxinatuen bozeramaileetako batek.
Armadak zortzi pertsona hil ditu Slaviansken
Ukrainako Gobernuaren indarrek zortzi pertsona hil dituzte azken orduotan, Slaviansken hasitako terrorismoaren aurkako operazioan, herrialdearen ekialdean, Donetskeko Osasun Departamentuak jakitera eman duenez.
Halaber, 16 pertsona ospitaleratu dituzte, tiroz egindako zauriengatik, arratsaldeko 16:00etan gaurkotutako txostenaren arabera.
Ukrainako Parlamentuak erreferenduma egitea ukatu du
Ukrainako Parlamentuak maiatzaren 25eko erreferendumaren aurka bozkatu du. Galdeketa lurralde batasunari eta herrialdearen deszentralizazioari buruzkoa zen, herrialdeko hego-ekialdean matxinatutako errusizaleek hala eskatuta.
Erreferendumaren aldekoak, Erregioen Alderdiak eta komunistek 154 boto lortu dituzte, aurkeztutako mozioa onartzeko beharrezkoak diren 226etatik oso urrun, agentziek azaldu dutenez.