Mundua -

Ukrainako krisia

Indarkeria zabaldu da Ukrainan, eta Kramatorsk hirira iritsi da

Ukrainako tropek posizioak berreskuratu dituzte Kramatorsk hirian. Errusiazaleekin borroka gogorrak izan ostean, Ukrainako Segurtasun Zerbitzuaren egoitza bereganatu dute.

Ukraina. Artxiboko irudia.
Ukraina. Artxiboko irudia.
Ukraina. Artxiboko irudia.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiazaleen esku dagoen Slaviansk hiri ukraniarra prest dago Ukrainako Armadaren balizko eraso bati aurre egiteko. Larunbat honetan, tiro hotsak izan dira entzungai hirian kanpoaldean.

Errusiazaleek barrikadak jarri dituzte hirira sartzeko errepide nagusietan, eta baliteke erasoa datozen orduetan izatea, RIA Novosti Errusiako albiste-agentziak jakinarazi duenez.

Bitartean, auzokideak ere prest daude erasoari aurre egiteko. Izan ere, ilara luzeak egin dituzte dendetan kontsumorako produktoak erosteko.

Liskarrak Kramatorsk hirian

Halaber, Ukrainako Gobernuaren soldaduek posizioak berreskuratu dituzte Kramatorsk hirian, errusiazaleek okupatuta zituzten hainbat eraikin ofizial bereganatu ondoren.

"Kramatorsken aurrera egiten ari gara, terroristen su biziarenpean. Borrokak daude", adierazi du Arsen Abakov Ukrainako Barne ministroak Facebooken. Errusiazaleen esku dagoen ekialdeko Slaviansk hiritik hegoaldera dago Kramatorsk.

Tropa ukrainarrek Segurtasun Zerbitzuaren egoitza hartu dute, errusiazaleekin borroka gogorrak izan ostean. Orain Guardia Nazionalaren esku dagoela adierazi du Ukrainako Barne Ministerioak. Halaber, telebistako dorrea bereganatu dute, eta Errusiako telebista kateen emisioa eten, eta Ukrainako telebista publikoaren emisioa berrezarri dute.

Ukrainako tropek aurrerapausoak egin dituztela berretsi dute errusiazaleek: "Plaza nagusia bakarrik kontrolatzen dugu, gainerakoa Guardia Nazionalaren eta Eskuineko Sektorea talde ultranazionalistaren esku daude", adierazi dio errusiazaleen bozeramaile batek RIA-Novosti albiste agentzia errusiarrari.

Errusiazaleak Ukrainako tropen eraso baten zain daude orain.

Ukrainako militarrek inguratuta dituzte Kramatorsk eta Slaviansk hiriak, Abakov Barne ministroaren arabera, eta herritarrei etxetik ez irteteko deia egin diete.

Ekialdeko operazio militarrean 5 hildako izan direla baieztatu du Ukrainak

Ukrainako Gobernuak herrialdearen ekialdean abiatutako operazio militarrean 5 soldadu hil eta beste hamabi zauritu direla baieztatu du Vasil Krutov Ukrainako Segurtasun Zerbitzuko bigarrenak: "Zoritxarrez, bost hildako eta hamabi zauritu ditugu Donetsk eskualdean".

"Donetsk eskualdean eta ekialdean, benetako gerra baten aurrean gaude", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo munduko albisteak Ukraina albisteak Errusia Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa