Mundua -

Ukrainako Krisia

Errusiazaleek bahitutako begiraleetako bat aske utzi dute

Gatibu dagoen begiraleetako batek, Axel Schneider koronel alemaniarrak, adierazi du ez dutela "presoak" direla uste, Ukrainako hiri horretako alkate berriaren "gondidatuak" baizik.

Errusiazaleen protesta. Argazkia: EFE
Errusiazaleen protesta. Argazkia: EFE
Ukrainako 3 sergurtasun agintari harrapatu dituzte errusiazaleek

1:19

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiazaleek bahitutako begiraleetako bat aske utzi dutela berretsi du Europako Segurtasun eta Kooperazio Erakundeak.

Separatistek azaldu dutenez, atera den atxilotua (sueziarra) osasun arazoengatik utzi dute aske, baina ez dute igande honetan begirale gehiago aske uzteko asmorik.

Bitartean, gainontzeko begiraleen askapena errusiazaleekin negoziatzeko, Europako Segurtasun eta Kooperazio Erakundearen ordezkaritza bat dago Slaviansk hirian.

Hala ere, gatibu dagoen begiraleetako batek, Axel Schneider koronel alemaniarrak, adierazi du ez dutela "presoak" direla uste, Ukrainako hiri horretako alkate berriaren "gondidatuak" baizik.

Irrati telebista hartu dute

Ehunka manifestari errusizalek Donetskeko irrati telebistaren egoitza hartu dute igande honetan, bertoko hedabideek adierazi dutenez.

Manifestariek ateetako bat behera bota dute eta egoitzan sartu dira. Barruan, "Donetskeko herri errepublikaren" bandera altxatu dute.

Datorren maiatzaren 11rako deitu duten autonomia erreferenduma dela eta, Lenin plazan antolatu duten mitinaren ostean izan da gertakaria.

Hiru ofizial ukrainar, harrapatuta

Ukrainako Segurtasun Zerbitzuko hiru ofizial atzeman dituzte Errusiaren aldeko miliziek, Ukraina hego-ekialdean, Segurtasun Zerbitzuak berak berretsi duenez.

Duela hiru astetik, milizia errusiarrek okupatuta duten Slaviansk hiriko polizia-etxean daude hiru ofizialak, tartean, teniente koronel bat. Begiak estalita, oinutsik eta barruko arropetan agertu dira bideo batean.

Komunikatu batean, Segurtasun Agentziak berretsi du bart gauean Vladimir Rybak ustezko hiltzailea atxilotzeko ofizial talde Gorlovka hirian misioan zegoela. Donetskeko fiskal nagusiak prozesu penala ireki du segurtasun indarretako agenteen legez kanpoko instrukzioagatik.

Separatistek azaldu dutenez, "atxilotuak Kievera eraman dituzten milizietako kideen truke" utziko dituzte aske, edo "egoera argitu arte" gatibu izango dituzte.

AEBen erantzuna

Barack Obama Estatu Batuetako presidenteak gogor kritikatu du Ukrainako krisian Errusiak duen jarrera. Presidente estatubatuarraren iritzian, Errusiak ez du keinu bakar bat ere egin, krisiaren konponbidean.

Kuala Lumpurren, gaur goizean, eman duen prentsaurrekoan, Obamak berretsi du datorren astean Errusiarentzat onartuko dituzten zigor berriekin, gatazkaren konponbidean aurrera egitea dela helburua. Errusiari gogorarazi nahi omen diote krisiari irtenbidea ematea beharrezkoa dela. Vladimir Putin Errusiako presidentea "bakartuta" dagoela esan du Obamak. "Lurraldearen osotasuna errespetatzean dago konponbidea", esan du AEBetako presidenteak.

Joan den ostegunean Genevan izandako bileran, Ukrainak, Errusiak, AEBk eta Europako Batasunak  milizia errusiarrak armagabetzeko pausoak ematea eta milizia horiek erakunde ofizialetatik ateratzea adostu zuten. Dena dela,  miliziek esan dute aurrena mendebaldeko talde ultranazionalistek entregatu behar dituztela armak.

Obamaren hitzetan, Genevan adostutakoa ez du bete Moskuk eta miliziak babesten jarraitzen du. Horren ondorioz "zigorrak" ezarriko zaizkiola gogorarazi du. Europako bazkideekin adostuko dituzte zigorrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste zirraragarriak Europar Batasuna Ukraina gaur Errusia bideoak Bahiketak bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Errusia-Ukraina gerra gaur