Mundua -
Krisia Ukrainan
Ukrainak neurri batzuk baimendu ditu 'mehatxu terrorista gainditzeko'
Bestalde, Europar Batasuneko Kanpo Arazoetako ministroek "Ukraina ekialdeko herrialdeetan armatuta zihoazen pertsonek bultzatutako ekintzak" gaitzetsi dituzte.
Erredakzioa
Oleksander Turchinov Ukrainako bitarteko presidenteak “Ukrainaren lurralde-segurtasuna mantentzeko eta mehatxu terrorista gainditzeko larrialdiko neurriak” hartzeari buruzko Segurtasun eta Defentsa Nazionaleko Kontseiluaren erabakia onartzen dekretua aldarrikatu du, astelehen honetan, Rada prentsa zerbitzuak jakitera eman duenez.
Parlamentuaren oharraren arabera, argitaratzen den unean sartuko da dekretua indarrean.
Gerra zibilaren arriskua
Gerra zibila bat pizteko arriskua areagotuz doa Ukrainan orduek aurrera egin ahala. Dagoeneko bukatu egin da Kievek herrialdearen ekialdean protestak egiten ari diren Errusiaren aldekoei emandako epea eta Errusiaren aldeko ekintzaileek Gobernuko eraikinak hartzen eta manifestazioak eta protestak egiten jarraitzen dute.
Oleksander Turtxinov Ukrainako behin behineko presidenteak "terrorismoaren kontrako operazioa" batera egitea proposatu dio NBEri, Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiarekin izandako elkarrizketa batean.
"Ukraina kontra baino, ekialdean terrorismoaren kontrako operazio bat egitearen alde dago, zuen (NBEren) laguntzarekin", esan du Trutxinovek, Ukrainako Lgebiltzarreko prentsa bulegoaren arabera.
Bestalde, Slaviansken dauden Errusiaren aldeko ekintzaileen liderrak lagutza eskatu dio Kremlini "Donetsk-eko Herri Errepublika"ren izenean, Ukrainako Gobernuko indarrengandik.
Slaviansken egindako prentsaurreko batean, Errusiaren aldeko ekintzaileen buruak Vladimir Putin Errusiako presidenteari "berak prozesua" zuzentzeko eta "ahal duen guztian" laguntzeko.
Eraikinak hartzen jarraitzen dute
Izan ere, Errusiaren aldeko zenbait ekintzailek Barne Ministerioak Gorlovka hirian duen egoitza hartu dute, Donetsk eskualdean, Ukrainaren Gobernuaren kontra erreboltak hasi diren lekuan. Arratsaldean, udaletxea hartu dute, eta milizien herri autodefentsako kide bat izendatu dute alkate berri.
Halaber, Slaviansken Errusiaren aldeko ekintzaileen buruek Errusiako Gobernuari laguntza eskatu dio, Ukrainako Gobernuko indarren aurrean babesteko.
Bertoko hedabideek zabaldu duenez, eraikinaren ondoan armen hotsak entzun dira, antza barrualdean zeuden poliziek ekintzaileen kontra egindakoak. Momentuz ez dute zabaldu zauriturik dagoen.
Bitartean, polizia talde batek eraikinaren barrualdean jarraitzen du, handik 40 kilometrora dagoen hiri batetik etorri behar diren beste agenteen zain.
"Korridore! Korridore! Korridore!", esan diete Errusiaren aldekoek eraikinaren barruan zeudenei, pertsonez osatutako korridore batetik irten zezaten.
Besteak beste, ekintzaileek Udaltzaingoko polizia-burua aldatzeko eskatu dute, hiriburutik agintzen dietenari men egin ez diezaioten.
Misil jaurtiketa
Errusiako indar estrategikoek RS-24 Yars motako misil interkontinental bat jaurti dute (SS-29 bat, NATOren sailkapenaren arabera), Errusiako Defentsa Ministerioak iragarri duenez.
"Jaurtiketa 10:40an egin da (08:40an Euskadin)", esan du Igor Jegorov Defentsako bozeramaileak, bertoko agentziek aipatu dutenez.
Jegoroven esanetan, proba "antzeko mota bateko misil sorta bat konprobatzeko" egin dute jaurtiketa.
Misilak buru nuklearrak eraman ditzake; Plesetsk Errusiako ipar-ekialdean dagoen hiritik jaurti dute.
EBk zigor indibidualak zabaltzea adostu du
Egoera honen aurrean, Europar Batasuneko Kanpo Arazoetako ministroek "Ukraina ekialdeko herrialdeetan armatuta zihoazen pertsonek bultzatutako ekintzak" gaitzetsi dituzte. Halaber, pertsonen "zerrenda zabaltzea" adostu dute, aktiboak bere horretan utziz eta bisak debekatuz.
EBk Errusiari esplizituki Ukrainako ekialdeko herrialdeetan nagusi diren indarkeria-ekintzak leporatzea ekidin du, baina "Ukraina ezegonkortzeko saiakera horiek amaierara iritsi behar" dutela nabarmendu du. Horrez gain, elkarrizketako alde guztiei erregutu diete, irtenbide baketsu bat lortzeko.
Errusia, erasoen erantzule, dio NBEk
Mendebaldeko herrialdeek Ukrainako ekialdean jazo diren azken mugimenduak eragin izana egotzi diote Errusiari, NBEren Segurtasun Kontseiluak bart egindako bilera batean. Kieveko Gobernuak ultimatuma betetzen badu, gerra zibila pizteko arriskua izango dela ohartarazi du Moskuk.
Errusiazaleek hainbat eraikin ofizial okupatu dituzte Ukrainako ekialdean, baina Txurkinek ukatu egin du Mosku horren sustatzailea dela. Errusiako Gobernuaren helburu bakarra gatazka baretzea dela gaineratu du.
Errusiako enbaxadorea AEBri eta mendebaldeko herrialdeei zuzendu zaie, eta Kieveko Gobernuaren ultimatuma betetzea galarazteko deia egin die. Izan ere, Ukrainak gaur goiza arteko epea eman die errusiazaleei armak uzteko, eta, hala egin ezean, Armada bidaliko duela ohartarazi du. Epe hori 08:00etan bukatu da.
Moskuren esanetan, Ukrainako ekialdean herritarrak protesta egiten ari dira, eta mendebaldeari dagokio "gerra zibila piztea saihestea".
Bestalde, AEBk, Frantziak eta Erresuma Batuak Krimeako estrategia Ukrainako ekialdean ere abiatzea egotzi diote Errusiari.
Juri Sergeiev Ukrainako ordezkaria urrunago joan da, eta herrialdeko ekialdeko gatazka "Errusiak zuzendutako operazio terrorista bat" dela salatu du.
Sergeievek ohartarazi duenez, Kieveko Gobernuak galarazi egingo du Krimeako gatazka errepikatzea, eta astelehen honetan protestak amaitu ezean, erantzun armatua emango dutela aurreratu du.