Mundua -
Bisita ofiziala
Obamak Frantzisko aita santuari: 'Zoragarria da zu ezagutzea'
Frantzisko aita santuak eta Barack Obamak izandako bileran migrazio-erreformaz eta bizitzaren defentsaz hitz egin dute. besteak beste.
Erredakzioa
Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentea Frantzisko aita santuarekin bildu da 50 minutuz, Europan egiten ari den bidaia ofizialaren baitan. Presidentearen bigarren bisita izan da Vatikanora. Etxe Zuriaren arabera, AEBko presidentea eta Aita Santua pobreziari eta ezberdintasunei buruz aritu dira.
Argazkilarien aurrean paratu dira aita santua eta Obama eta, ondoren, liburutegian bilera egin dute. Aurrez-aurre eserita egon direnean, Franciscok esan dio: 'Ongietorri, presidente jauna'. Obamak, aita santua ezagutzea "zoragarria" dela erantzun dio.
Migrazio-erreforma eta bizitzaren defentsa
Frantzisko aita santuak eta Barack Obamak izandako bileran migrazio-erreformaz eta bizitzaren defentsaz hitz egin dute, Vatikanoak prentsa ohar batean jakitera eman duenez.
Jorratutako gai zehatzei dagokienez, Vatikanoak esan du Obamak eta aita santuak "munduan gizakien salerosketa errotik kentzeko" konpromisoa nabarmendu dutela.
"Aldebiko harremanen testuinguruan, eta Elizaren eta Estatuaren arteko lankidetzan", "Elizarentzat oso garrantzitsuak diren" gaiez aritu dira, besteak beste, "erlijio-askatasunaren, bizitzaren eta kontzientzia objekzioen askatasuna jarduteaz".
Halaber, munduko egungo gatazken inguruko eztabaida izan dute, eta gune horietan giza-eskubideak errespetatzeko eta bi aldeen artean negoziatutako irtenbideak lortzeko nahia adierazi dute.
Obama, iritzi gehienekin "ados"
Barack Obama AEBetako presidenteak esan duenez, Frantzisko aita santuaren iritzi gehienekin "ados" dago gai sozialetan.
Obamak ez du uste aita santuak indar politiko batekin lagundu nahi duenik, politikoek "ezikasiari aurre egin behar" dioten bitartean aita santuaren lana "handiagoa" da.
Halaber, orekaren apezpikuak bilatzeko konpromisoa iragarri du, erlijio-kontzientzia eta askatasuna legearen testuinguruan babes daitezen.
Horren haritik, politikoen eta aita santuaren lanaren arteko "konbergentzia" dagoela azaldu du, aita santuak "obligazio moralak" dituztela gogorarazten dietelako.
Obamaren agenda publikoa
Frantzisko aita santuarekin bildu ostean, AEBetako presidentea Quirinalera joan da eta Giorgio Napolitano Italiako Errepublikako presidentearekin bildu da bertan. Matteo Renzi Italiako lehen ministroarekin ere izan da, 14:30ean, Villa Madaman.
Prentsaurrekoaren ostean, AEBko presidenteak bisita pribatua egin du Coliseumen, 16:30ean, Dario Franceschini Kultura ministroarekin batera. Ostiral goizean, berriz, Saudi Arabiara joango da.
2009ko uztailaren 10ean, duela lau urte eta zortzi hilabete, izan zen azken aldiz Vatikanoan AEBko presidente bat Benedikto XVI.arekin biltzeko. 'Caritas in veritate' eta 'Dignitas personae' entziklikak oparitu zizkion orduan Aita Santuak.
95 urte igaro dira presidente estatubatuar batek Vatikanoa lehen aldiz zapaldu zuenetik, eta, ordutik, AEBko 12 presidentek bisitatu dute Vatikanoa, bertan agintean sei aita santu izan diren epean.
Hori dela eta, segurtasun neurri handiak daude egunotan Erroman Barack Obama hartzeko, eta hiriaren egunerokoa aztoratu du.
Obama atzo heldu zen Ciampino Erromako aireportura, eta ostiral goizean joango da Italiako hiriburutik. Bertan den egunetan, 26 ibilgailu blindatuk eta sei motorrek lagunduko dute. Ameriketako Estatu Batuetako liderraren joan-etorriak direla eta, kale batzuk itxi eta zirkulazioa etengo dute tarte batzuetan.
Obama presidentearen hegazkina, Air Force One, lurreratu eta aireratu bitartean, Erromako aire espazioa itxita egongo da, Erromako hedabideek jakinarazi dutenez.