Mundua -

Krisia Ukrainan

Krimea 'askatu' arte ez duela amore emango ohartarazi du Ukrainak

Krimeak eta Errusiak bat egiteko prozesua aste honetan amaituko dela aurreratu du Moskuk.

Krimea
Krimea
Trantsizioa martxan da Krimean

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako Parlamentuak Krimearen eta Errusiaren arteko bat-egitea ez aitortzea eskatu dio nazioarteari, eta, ildo horretatik, lurraldea "askatu" arte ez duela amore emango ohartarazi du.

Adierazpena Alexandr Turtxynov Ukrainako presidenteak proposatu du, eta 303 diputatuetako 274k babestu dute.

"Ukrainako herriaren izenean, Krimea Ukrainaren parte dela eta beti izango dela adierazi nahi du Rada Gorenak (Parlamentua). Ukrainako herriak ez du inoiz amore emango, inola ere, Krimea askatu arte, okupazioa gogorra eta iraunkorra izan arren", azpimarratu dute adierazpenean.

Kieveko Parlamentuaren esanetan, Errusiak "inbaditu" egin du Krimea, eta hori nazioarteko zuzenbidearen urraketa da.

"Bigarren Mundu Gerra bukatu zenetik lehenengoz, herrialde ziniko batek aldatu egin ditu Europaren mugak; Ukrainaren osotasuna babestu behar duela sinatu duen herrialde ziniko batek egin du", deitoratu dute.

Bat-egitea asteon burutuko da

Bestalde, Krimeak Errusiarekin bat egiteko prozesu legala aste honetan bukatuko dela aurreratu du Sergei Lavrov Moskuko Gobernuaren Atzerri ministroak.

Errusiako Behe Ganberak ostegunean berretsiko du Vladimir Putin presidenteak asteartean sinatutako ituna, eta Senatuak ostiralean egingo du. Adituek segurutzat jotzen dute ganberek baiezkoa emango dutela, Putinek babes zabala duelako bietan.

Trantsizio epe baten ostean, Krimea 2015. urteko urtarrilaren 1ean izango da, ofizialki, Errusiaren parte.

Ban Ki-moon, Moskun

Testuinguru honetan, Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusia Moskura joan da, Errusiako agintariekin hitz egitera, tentsioa baretzeko asmoz.

Hain zuzen ere, Vladimir Putin presidentearekin eta Sergei Lavrov Atzerri ministroarekin hitz egingo du gaur, "krisiari irtenbide baketsua eman ahal zaiola uste baitu", Farhan Haq NBEko bozeramaileak azaldu duenez.

Ondoren, Ban Ki-moon Kievera abiatuko da, eta bihar Aleksandr Turtxynov Ukrainako presidentearekin eta Arseni Jatseniuk lehen ministroarekin bilduko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak 2024 Krimea anexionatzea Ukraina azken orduko Errusia berriak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Errusia-Ukraina gerra gaur