Mundua -

Krisia Ukrainan

Krimeako Parlamentuak independentzia adierazpena onartu du

Indarrean sartzeko, erreferendumean berretsi beharko dute herritarrek. Adierazpenak Kosovori egiten dio erreferentzia, aldebakarreko erabakia izan daitekeela justifikatzeko.

Errusiaren aldeko manifestariak, Krimean. Argazkia: Efe
Errusiaren aldeko manifestariak, Krimean.
Errusiaren aldeko manifestariak, Krimean. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Krimeako Kontseilu Gorenak (Parlamentuak) independentzia adierazpena onartu eta Errusiar Federakundearekin bat egiteko asmoa agertu du.

Ebazpena Parlamentuko 100 diputatuetako 78k babestu dute, RIA Novosti Errusiako albiste-agentzia ofizialak jakinarazi duenez.

"Krimea estatu independente gisa zuzenduko zaio Errusiar Federakundeari erreferendumaren ostean, Errusian subjektu federatu gisa sartzeko proposamenarekin", adierazi du Parlamentuko ordezkari batek.

Krimeako Kontseilu Gorenak onartutako agirian, Kosovoko aurrekariari egin diote erreferentzia, erabaki hori har dezaketela justifikatzeko. Hala, aintzat hartu dute "Nazio Batuen Erakundearen nazioarteko auzitegiak Kosovoren inguruan 2010eko uztailaren 22an hartutako erabakia, hau da, estatu baten zati batek alde bakarrez independentzia aldarrikatzeak ez duela nazioarteko zuzenbidea urratzen". Hala ere, adierazpena iganderako deitu duten erreferendumean berretsi beharko dute herritarrek, agirian agertzen denez.

Krimeako herritarrek bi galderari erantzun beharko diete erreferendum horretan: "Ados al zaude Krimeak Errusiarekin berriro bat egitearekin Errusiar Federakundeko subjektu gisa?" eta "Ados al zaude Krimeako 1992ko Konstituziora eta Krimea Ukrainaren zati izateko estatusera berriro itzultzearekin?".

Ukrainarentzat ez du zilegitasunik

Juri Klymenko, Ukrainak NBEn duen enbaxadorea, indartsu saiatu da independentzia adierazpenari zilegitasuna kentzen, eta Parlamentua bera "erabat ilegitimoa" dela esan du.

"Krimeako agintariek ez dute zilegitasunik, Ukrainako prozedurak, legeak eta Konstituzioa urratuz aukeratu zituztelako. Krimeako buruzagiek eta legegileek ez dute zilegitasunik, beraz, erakunde legegileak ere ez, eta, ondorioz, ezta hartzen dituen erabakiek ere", azpimarratu du Klymenkok.

"Ez dugu erreferenduma onartzen, Konstituzioaren kontrakoa delako eta ez duelako zilegitasunik. Ukrainako egungo legedia urratzen du. Lurraldea aldatzeko erabakia hartzeko Ukraina osoari galdetu behar zaio", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste zirraragarriak Albisteak Krimea Errusia bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa