Mundua -
Gatazka
Margallok dio EBko estatuek ez dutela Krimeako erreferenduma onartuko
"Europar Batasuneko 28 estatu kideetako inork ez du legez kanpokoa den erreferenduma onartuko", adierazi du Espainiako Atzerri Gaietarako ministroak.
Erredakzioa
Jose Manuel Garcia-Margallo Espainiako Atzerri Gaietarako ministroak esan du Europar Batasuneko 28 estatuetako "inork" ez duela Krimeako erreferenduma onartuko, Ukrainako barne legedia eta nazioartekoa urratzen dituelako.
Garcia-Margallok Nueva Economia Forumek antolatutako gosari informatibo batean egin ditu adierazpenok, Georgi Kvirikaxvili Georgiako Ekonomia eta Garapen Iraunkorreko ministroaren aurkezpenean.
Espainiako diplomaziaren buruak azpimarratu duenez, nazioartearen "kezka nagusia" Ukraina da une honetan, egun gutxi barru, martxoaren 16an, Krimean erreferenduma egingo dutelako, Errusiar Federakundearekin bat egin ala ez erabakitzeko.
"Erreferenduma Ukrainako konstituzioaren kontrakoa da, herrialdearen lurralde osotasuna aldarrikatzen baitu", gaineratu du.
"Europar Batasuneko 28 estatu kideetako inork ez du legez kanpokoa den erreferenduma onartuko; izan ere, NBEren gutunaren, Helsinkiko itunaren eta Errusiaren eta Ukrainaren lankidetza eta anaitasun akordioaren kontrakoa da", berretsi du.
Cameronek eta Merkelek ohartarazi dute legez kanpokoa izan daitekeela
David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak ohartarazi dute martxoaren 16an Krimean egingo duten erreferenduma "legez kanpokoa" izan daitekeela, eta Errusiak bozketa legitimatzeko ahaleginak egiten baditu "ondorioak" pairatuko dituela, Londresko Gobernuko iturriek jakitera eman dutenez.
Cameronek eta Merkelek bilera egin zuten atzo Alemanian, eta, besteak beste, Ukrainako krisia izan zuten hizpide.
"Lehentasuna tentsioa baretzea eta Errusiak harreman taldean parte hartzea dela adostu zuten", gaineratu du aipatu iturriak.
"Krimean proposatutako erreferenduma legez kanpokoa izan daitekeela eta Errusiak bozketari legitimotasuna eman nahi izanez gero ondorioak pairatu beharko dituela berretsi zuten", azpimarratu du bozeramaileak.
Janukovitxen agerraldia
Viktor Janukovitx Ukrainako presidente kargugabetuak adierazpen publikoa egingo du bihar Errusian, Ria-Novosti albiste-agentzia ofizialak jakitera eman duenez. Hala ere, oraindik ez dute zehaztu zer ordutan izango den agerraldia.