Mundua -
Ukrainako krisia
Krimeako krisiari irteera baketsua bilatu nahi diote AEBk eta Ukrainak
Ukrainak Krimeako penintsulan dituen kuartel militar gehienak kontrolatzen dituztela baieztatu du Krimeako Parlamentuko presidenteak.
Erredakzioa
Barack Obama AEBetako presidenteak eta Arseni Yatseniuk Ukrainako lehen ministroak bilera egingo dute asteazkenean Washingtonen Ukrainako Krimea penintsulako krisiari irtenbide baketsua bilatzeko, Etxe Zuriak ohar batean jakinarazi duenez.
Krimean erreferenduma egingo dute martxoaren 16an Errusiara batu ala ez erabakitzeko, eta lau egun lehenago egingo dute bilera AEBek eta Ukrainak Washingtonen. Galdeketa legez kanpokoa dela ohartarazi dute AEBek eta inolaz ez dutela Krimea Errusiara batzea onartuko.
Etxe Zuriaren oharraren arabera, Ukrainaren subiranotasuna eta lurralde batasuna errespetatuko duen irteera baketsua bilatzen saiatuko dira bi aldeak.
Krimeako agintariek kontrolatzen dituzte bertako kuartel militar gehienak
Krimeako penintsulako agintariek azaldu dutenez, kontrolpean dituzte Ukrainak lurraldean dituen kuartel militar gehienak.
"Kuartel militar gehienak Krimeako agindupean daude. Blokeatuta daude eta armak kontrolpean ditugu", adierazi du Vladimir Konstantinov Krimerako Parlamentuko presidenteak.
Horren esanetan, ez dutela erasorik egingo baieztatu dute agintari militarrek.
Krimeako militarrek estatusa behin martxoaren 16ko erreferenduma egin eta gero erabakiko dute: "Krimeako herria zerbitzatu nahi badute, guri abisatu behar digute. Nahi ez dutenei irteera bermatuko diegu".
Ukrainaren osotasuna zaindu behar da, Merkelen eta Erdoganen arabera
Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroaren iritziz, "Ukrainako lurralde batasuna eta batasun politikoa zaindu behar da".
Larunbatean telefonoz hitz egin zuten Merkelek eta Erdoganek, eta elkarrizketa horren harira agiria kaleratu du Alemaniako Gobernuak. Bi buruzagien iritziz, Ukrainako egoera "kezkagarria da" eta Krimeako gatazka "saihestu egin behar da".
Bestalde, martxoaren 16ko erreferenduma legez kanpokoa dela berretsi dute.
Krisi hau gainditzeko, harremanetarako nazioarteko talde bat sortzea eta Ukrainan gertatukoa ikertzeko batzordea eratzea proposatzen dute.