Mundua -
Krisia Ukrainan
Obamak eta Putinek berriz hitz egin dute, baina ez dute urratsik egin
AEBko presidenteak zigorrak jakinarazi dizkio Putini, eta horrek bi herrialdeen arteko harremanak "ez sakrifikatzea" eskatu du.
Erredakzioa
Barack Obama eta Vladimir Putin AEBko eta Errusiako presidenteek telefonoz hitz egin dute bart, Moskuk Krimea (Ukraina) inbaditu zuenetik bigarrenez, krisiari irtenbidea ematen saiatzeko, baina ez dute aurrerapausorik eman.
Elkarrizketa horretan, Obamak AEBk Errusiari ezarriko dizkion zigorren berri eman dio Putini, baina oraindik ere gatazka "bide diplomatikotik" konpontzeko aukera dagoela gaineratu dio, Etxe Zuriak azaldu duenez.
AEBko estatuburuaren esanetan, konponbidea lortzeko "Ukrainako eta Errusiako Gobernuek elkarrizketa zuzenak egin behar dituzte, nazioarteak erraztuta". Gainera, Moskuk "nazioarteko begiraleak" onartu behar ditu, ukrainar guztien giza eskubideak errespetatzen direla egiaztatzeko.
"Errusiak Ukrainako subiranotasuna urratu duela azpimarratu du Obamak", zehaztu du Etxe Zuriak. Hori horrela, tropak Krimeatik erretiratzea eskatu dio presidente estatubatuarrak agintari errusiarrari.
Putinek harremana "ez sakrifikatzea" eskatu du
Bestalde, Putinek AEBren eta Errusiaren arteko harremanak "nazioarteko gatazka baten ondorioz ez sakrifikatzea" eskatu dio Obamari, gatazka hori "oso inportantea" bada ere.
"AEBren eta Errusiaren arteko harremana funtsezkoa da munduko segurtasunerako eta egonkortasunerako", gogorarazi du Kremlinek.
Deian, Ukrainako agintari berriak "estatu-kolpe baten ondorioz" iritsi direla agintera, eta hegoaldeko eskualdeei erabaki "ez zilegiak" ezarri dizkietela esan dio Putinek Obamari.
Egoera horretan, "Errusiak ezin die entzungor egin [eskualde horiek] egindako laguntza eskariei".
Bi herrialdeotako Atzerri ministroek "harreman sakonak" mantentzea adostu dute Obamak eta Putinek.
Krimeako erreferenduma
Putinek eta Obamak telefonoz hitz egin baino lehen, Krimeako eskualdeak Errusiarekin bat egitea erabaki du.
Halaber, erabaki hori berresteko, erreferendum bat deitu du hilaren 16rako.
Kieveko Gobernuak eta nazioarteak legez kanpokotzat jo dute kontsulta.