Mundua -

Krisia Ukrainan

Ukrainak NBEren Segurtasun Kontseiluaren premiazko bilera eskatu du

Errusiaren aldeko talde armatu batek Krimeako Simferopoleko eta Sebastopoleko aireportuak hartu ditu. Ukrainako agintariek Errusiari leporatu diote ekintza, baina Errusiako Gobernuak ukatu egin du.

Errusiazaleen protesta, Krimean. Argazkia: Efe
Errusiazaleen protesta, Krimean.
Errusiarren aldeko talde armatu batek Krimeako aireportuak hartu ditu

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainak NBEren Segurtasun Kontseiluaren premiazko bilera eskatu du Krimeako penintsularen egoera aztertzeko, gehiengo errusiazalearen eta Kieveko agintari berrien arteko tentsioak gora egin ostean.

Ukrainako Parlamentuak (Rada Gorenak) onartu duen ebazpenean, errepublika autonomoko egoeraren jarraipena egitea eskatzen diote Nazio Batuen Erakundeari.

"Budapesteko Memorandumaren sinatzaileei eskatzen diegu babes dezatela NBEren Segurtasun Kontseiluan Ukrainako eskualde batzuen jarraipena egitea, Krimeako errepublika autonomoarena, besteak beste", dio onartutako adierazpenak.

Alexandr Turtxinov jarduneko presidenteak gaineratu duenez, Krimeako egoera "mehatxua izan daiteke nazioarteko bakearentzat eta segurtasunarentzat".

Errusiaren "inbasio militarra eta okupazioa"

Arsen Avakov Ukrainako Barne ministroak salatu du militar errusiarrek Sebastopoleko Krimeako hiriko, aireportua blokeatu dutela, eta "inbasio militar eta okupazio"tzat jo du ekintza.

"Aireportuaren barruan Ukrainako militarrak eta mugako zaindariak daude. Baina kanpoan, uniformedun armatuak daude, eta nahiz eta ez daramaten bereizgarririk, ez dute ezkutatzen Errusiako militarrak direla", idatzi du Avakovek Facebooken.

Errusiak ukatu egin du

Errusiak Itsaso Beltzean duen Armadak ukatu egin du bere soldaduak izan direnik Sebastopoleko aireportua hartu dutenak.

"Itsaso Beltzeko Armadako talderik ez dugu bidali Belbek ingurura (Sebastopoleko aireportura), eta ez dute inolaz ere blokeoan parte hartu", azpimarratu du bozeramaile ofizial batek.

Hala eta guztiz ere, aitortu du "indartu" egin dutela "terrorismoaren kontrako taldeen zaintza lana, Krimean dugun Armadaren erresidentzien eta kuartelen inguruan dagoen ezegonkortasunaren ondorioz".

Talde armatu errusiazalea

Errusiaren aldeko talde armatu batek Simferopoleko eta Sebastopoleko (Krimea, Ukraina) aireportuak hartu ditu gaur goizaldean, baina gero alde egin dute Ukrainako Armadako troparik ez zegoela ikusita, aireportuko iturriek jakitera eman dutenez.

"Ukrainaren lehorreratzea izango zela uste zuten, baina halakorik ez zegoela ikusita, barkamena eskatu eta joan egin dira", adierazi du Igor Stratilati Simferopoleko aireportuko bozeramaileak. Stratilatik azpimarratu du normaltasunez ari direla zerbitzua eskaintzen.

Antzeko talde armatuek Krimeako Parlamentua eta Gobernuaren egoitza hartu zituzten atzo.

Gero, Krimeako Parlamentuak erreferenduma egitea onartu zuen. Erreferenduma maiatzaren 25ean izango da, Ukrainako hauteskunde presidentzial aurreratuen egun berean, eta errepublika autonomoak eskumen gehiago izatearen inguruan bozkatuko dute.

Janukovitxen prentsaurrekoa 14:00etan

Viktor Janukovitx Ukrainako presidente kargugabetuak prentsaurrekoa emango du gaur arratsaldean, Euskal Herrian 14:00ak direnean, Rostov Don hirian (Errusia), UNIAIN albiste-agentzia ofizial ukrainarrak jakitera eman duenez.

Kargugabetutako presidentea atzo iritsi zen Moskutik mila kilometrora dagoen hirira, eta Errusiako iturri batzuen arabera, gerra hegazkinek zainduta iritsi zen.

Suitzak blokeatu egin ditu Janukovitxen ondasunak

Suitzako Gobernuak Ukrainako 20 herritarren ondasunak blokeatu ditu, Viktor Janukovitxenak, horren semearenak eta horien inguru politikari batzuenak, besteak beste.

Austriak ere 18 ukrainarren kontuak blokeatu ditu, ustez ustelkeriarekin eta giza eskubideen urraketekin lotutako pertsonenak, Atzerri Gaietarako Ministerioak jakitera eman duenez.

Kieveko agintari berriek egindako eskariari erantzuteko hartu du Austriak erabakia, eta erabaki horien inguruan Europar Batasunean adostasunik ez dagoenez, badaezpadako neurria omen da.

Pribilegioak kendu dizkiete diputatuei

Ukrainako Rada Gorenak diputatuei pribilegioak, ekonomikoak batez ere, kentzeko legea onartu du, baina ez diete immunitatea kendu. Besteak beste, aparteko soldatak, dietak, ospitale berezietan artatzeko aukera eta garraio publikoa doan izateko aukera kendu diete.

Gainera, kargua uzten duten diputatuek, edo legegintzaldia amaitzen zaienean, ez dute urtebetez soldata kobratzen jarraituko.

Crimeak ukatu egin du independentzia bilatzen duenik

Krimeako errepublika autonomoko Gobernuak ukatu egin du Ukrainarekiko independentziaren bila ari denik.

"Ez dugu independentzia nahi. Krimea benetan Ukrainaren barruan errepublika autonomo izatea nahi dugu, ez orain bezala, ez baitigute eskumenak garatzen uzten"; adierazi du Krimeako Gobernuko boeramaileak.

Gainera, Sergei Aksionov lehen ministro autonomiko berriak gaur eratuko omen du ministroen kontseilua, Kievekin erreferendumaren inguruko elkarrizketak abiatu aurretik.

Mosku, Veneziako Batzordeak iritzia ematearen alde

Sergei Narixkin Errusiako Diputatuen Ganberako presidenteak Ukrainako agintari berrien zilegitasunaren inguruan duen iritzia agertzeko eskatu dio Zuzenbidearen Demokraziarako Europako Batzordeari, hau da, Veneziako Batzordeari.

"Veneziako Batzordeari Ukrainako agintariek eta hartzen dituzten erabakiek duten legitimotasunaren inguruan iritzia eman dezala eskatzea proposatzen dut", adierazi du Narishkinek, Errusiako albiste-agentziek zabaldu dutenez.

Veneziako Batzordea Europako Kontseiluaren barruan dagoen erakunde bat da, eta laguntza ematen die estatuei gai konstituzionaletan, eta hauteskunde eta alderdi alorretan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Krimea gaur Ukraina gaur Errusia argazkiak NBE albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Errusia-Ukraina gerra gaur