Mundua -
Ukrainako krisia
Ukrainako Parlamentuak Tymoxenko aske uzteko agindu du
Lehen ministro ohia berehala aske uztea ekarriko du gaur parlamentariek onartutako adierazpenak, oposizioaren arabera. Bestalde, manifestariek presidentearen Kieveko egoitza okupatu dute.
Erredakzioa
Julia Tymoxenko Ukrainako lehen ministro ohia eta oposizioaren burua aske uzteko agindu du larunbat honetan Ukrainako Parlamentuak.
Gaurko osoko bilkuran Tymoxenko berehala aske uztea agintzen duen ebazpena onartu du Ukrainako Parlamentuak. Parlamentuaren gehiengo zabalak, bi herenak baino gehiagok, babestu du ebazpena. Onartutako adierazpenak Kharkiv hiriko ospitale batean giltzapetuta dagoen buruzagia berehala aske uztea ekarriko du, oposizioaren arabera.
Ukrainako Parlamentuko presidente berria izendatu dute
Aleksandr Turtxynov Batkivstxina alderdiko presidenteordea izendatu dute Ukrainako Parlamentuko presidente, haren aurrekoak ordu batzuk lehenago, osasun arazoak tarteko, dimisioa eman ostean.
Viktor Janukovitx Ukrainako presidenteak eta oposizioko buruek herrialdeak bizi duen krisiari amaiera emateko akordioa sinatu eta biharamunean etorri da aldaketa.
Ruslan Koxulinski Ukrainako Parlamentuko presidenteordeak iragarri du albistea, gaur egiten ari diren ezohiko osoko bilkuraren hasieran. Halaber, Igor Kaletnik Parlamentuko lehen presidenteordeak ere dimisioa eman du.
Astearteko Parlamentuko osoko bilkuran Volodymyr Rybakek tentsio krisi bat izan zuen, eta medikuek artatu behar izan zuten tokian bertan.
PR Erregioen Alderdiaren parte hartzerik gabe erabaki garrantzitsurik ez hartzeko eskatu die Janukovitx presidentearen alderdiak Parlamentuan duen Juri Mirosnitxenko bozeramaileak parlamentariei. Hala ez balitz, Ukrainak banatzeko arriskua lukeela adierazi du.
PR alderdiko 23 parlamentari soilik ari dira parte hartzen gaurko osoko bilkuran, eta, guztira, Parlamentua osatzen duten 450 parlamentarietatik 248 baino ez.
Manifestariek Kiev erdigunearen eta Estatuko Administrazioen kontrola hartu dute
Larunbat honetan, Kiev erdiguneko kaleen eta Estatuko Administrazioen egoitzek kontrola hartu dute manifestariek, presidentearen egoitza barne.
Viktor Janukovitx presidentearen egoitza Kievetik 20 kilometrora dago. Presidentearen egoitza ofizialean ez dago inolako segurtasun langilerik, eta edonor ibili daiteke barruan, Interfax albiste agentziaren arabera.
Kiev hiriburuan, bestalde, manifestariek Ukrainako Parlamentuko, Gobernuaren egoitzako eta presidentearen bulegoko sarrerak kontrolpean dituzte.
Janukovitxek telebistan hitz egingo du gaur
Viktor Janukovitx Ukrainako presidenteak telebistan hitz egingo du gaur, estatuburuaren Anna Guerman aholkulariak jakinarazi duenez.
"Presidentea Kharkiv hirian dago. Hegazkinez joan zen atzo. Gaur Ukraina ekialdeko diputatuekin bilera egingo du, eta ondoren, telebistan hitz egingo du".
Janukovitx eta Barne ministroa non dauden ez zekitela zabaldu da, baina segurtasun iturriek jakinarazi dutenez, presidenteak ez du herrialdetik alde egin.
Oposizioko buruzagiak Janukovitxen kontrako zentsura mozioa aurkeztuko du
Vitali Klitxko Ukrainako oposizioko buruak Janukovitx presidentearen kontrako zentsura mozioa aurkeztuko du gaur Parlamentuan, haren alderdiko bozeramaileak azaldu duenez.
Eskari honekin, hauteskundeak aurreratzeko prozesua azkartu nahi du oposizioko buruak.
Janukovitx boteretik kentzeko alderdi guztien babesa lortzen saiatuko dela adierazi die Klitxkok Kieveko Independentzia Plazan jarraitzen duten manifestariei.