Mundua -

Krisia Ukranian

Ukrainako indarkeriaren arduradunei ondasunak blokeatuko dizkie EBk

Gainera, Europar Batasuneko Atzerri ministroek akordio politikoa lortu dute indarkeriaren arduradunei EBn sartzea debekatzeko.

Ukrainako Independentzia Plaza. EFE
Ukrania
Ukrainako Independentzia Plaza. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko Atzerri ministroek akordio politikoa lortu dute gaur Ukrainako indarkeriaren arduradunei zigorrak ezartzeko. Horrela, ondasunak blokeatuko dizkiete eta EBn sartzea debekatuko diete.

"EBko neurrien nondik norakoak aurrerago zehaztuko dituzte, Ukrainan gertatzen denaren arabera", Carl Bildt Suediako Atzerri ministroak Twitter sare sozialean azaldu duenez.

"Azkar ekin"

Emma Bonino Italiako Atzerri ministroak baieztatu duenez, "akordioa oso azkar, datozen orduetan, aplikatu behar dela adostu dugu ".

Frantzia, Alemania eta Poloniako Atzerri ministroekin erabakia adostu dutela azaldu du Boninok; izan ere, hirurak Kieven daude, oposizioarekin eta Viktor Yanukovich Ukrainako presidentearekin biltzeko.

Era berean, errepresioan erabili daitezkeen ekipoen esportazioa debekatzea adostu dute EBko ministroek, baina ez dute arma-blokeoa ezarriko, iturri diplomatikoek baieztatu dutenez.

Aurreneko zerrenda

Gonzalo de Benito Espainiako Atzerri estatu-idazkariak aurreratu duenez, zigorrak aplikatzeko bihar edo etzi "8-10 laguneko" lehen zerrenda prest izango du Europar Batasunak.

Zigorrak aplikatzeko pertsonen zerrenda lantalde batek osatuko du, baina antza denez, Yanukovich ez da zerrenda horretan agertuko. De Benitoren hitzetan, "talde txikia" da eta "indarkeria ekintza larrienen arduradunak bezala identifikatu dituzte dagoeneko".

"Istiluek jarraitzen badute, orduan zerrenda luzatuko da", azaldu du estatu-idazkariak. Oposizioko kideak zerrendan sartzea ez du baztertu De Benitok.

Ucrania_Ukrainia_EFE

Argazkia: EFE

Frankotiratzaileen mehatxua

Kieveko erdialdean frankotiratzaileek izua zabaldu dute. Kalashnikov fusilen tiro hotsak molotov koktelekin, barra metalikoekin eta egurrekin nahastu dira manifestarien eta polizien arteko istiluetan.

Eraikuntza ofizialetan eta hoteletan ezkutatuta frankotiratzaileek manifestariak tirokatu dituzte, komunikabide digitalek igorritako irudietan ikus daitekeenez. Oposizioko manifestariek metalezko ezkutuak erabili dituzte babesteko.

67 polizia, bahituta

Ukrainako oposizioko manifestariek 67 polizia bahitu dituzte ostegun honetan Kieveko kaleetan izandako indarkeriazko istiluetan, Barne Ministerioak jakitera eman duenez.

"Barne Ministerioaren organoen eraginkorren erasoen aurka egindako erasoetan, 67 soldatu bahitu dituzte. Ez dakigu euren osasunaren berri, ezta non dauden ere", azaldu du oharrak.

Halaber, Barne Ministerioaren oharraren arabera, “lagunak askatzeko segurtasun indarrek legeak ahalbidetzen dien neurri guztiak hartzeko eskubidea dute, armak barne”.

Vitali Zajarchenko Ukrainako Barne ministroak poliziei armak ematea agindu du gaur, istiluen erabiltzeko, baita bahituak askatzeko ere.

Ukrainako oposizioak 100 hildako baino gehiago daudela esan du

Ukrainako oposizioaren arabera, ehun pertsona baino gehiago hil dira Kieven asteartean hasitako indarkeriazko istiluetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen ari da munduan? Batasun europarra Ukraina Eguneko albisteak Eguneko albisteak