Mundua -

Krisia Ukranian

Bi eguneko istilu odoltsuek 75 hildako utzi dituzte Ukrainan

Oposizioko alderdiek, aldiz, ostegun odoltsuak ia 100 hildako utzi dituela ziurtatu dute. Gutxienez 363 pertsona ospitalera eraman behar izan dituzte.

Ukrainako Independentzia Plaza. EFE
Ukrania
Frankotiratzaileek dozenaka manifestari hil dituzte Ukrainan

1:29

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken bi egunetako istilu odoltsuetan 75 pertsona hil direla esan du gaur Ukrainako Osasun Ministerioak.

Oposizioko alderdiek, ostera, ostegun odoltsuak ia 100 hildako utzi dituela adierazi dute. Gutxienez 363 pertsona ospitalera eraman behar izan dituzte, osasun zerbitzuetako arduradunek jakitera eman dutenez.

13 polizia hil direla baieztatu du Barne Ministerioak. Vitali Zajarchenko Ukrainako Barne ministroak poliziei su-armak emateko agindua eman du, eta ekintzaile estremisten aurka erabili ditzaketela ohartarazi du.

"Poliziaren aurka su-armekin tiro egin dute gaur. Poliziez gain, kaleetan herritar baketsuak hiltzen ari dira", salatu du.

Oposizioko hiru alderdi nagusietako buruzagiek eta Viktor Yanukovich Ukrainako presidenteak asteartean negoziatu zuten su-etenak kale egin du eta politikariek egoeraren kontrola galdu dutela ematen du.

Frankotiratzaileen mehatxua

Kieveko erdialdean frankotiratzaileek izua zabaldu dute. Kalashnikov fusilen tiro hotsak molotov koktelekin, barra metalikoekin eta egurrekin nahastu dira manifestarien eta polizien arteko istiluetan.

Eraikuntza ofizialetan eta hoteletan ezkutatuta frankotiratzaileek manifestariak tirokatu dituzte, komunikabide digitalek igorritako irudietan ikus daitekeenez. Oposizioko manifestariek metalezko ezkutuak erabili dituzte babesteko.

67 polizia, bahituta

Ukrainako oposizioko manifestatzaileek 67 polizia bahitu dituzte ostegun honetan Kieveko kaleetan izandako indarkeriazko istiluetan, Barne Ministerioak jakitera eman duenez.

"Barne Ministerioaren organoen eraginkorren erasoen aurka egindako erasoetan, 67 soldatu bahitu dituzte. Ez dakigu euren osasunaren berri, ezta non dauden ere", azaldu du oharrak.

Halaber, Barne Ministerioaren oharraren arabera, “lagunak askatzeko segurtasun indarrek legeak ahalbidetzen dien neurri guztiak hartzeko eskubidea dute, armak barne”.

Ucrania_Ukrainia_EFE

Ucrania_Ukrainia_EFE

Argazkia: EFE

Zigorrak

Europar Batasuneko Atzerri ministroek akordio politikoa lortu dute gaur Ukrainako indarkeriaren arduradunei zigorrak ezartzeko. Horrela, ondasunak blokeatuko dizkiete eta EBn sartzea debekatuko diete.

Gonzalo de Benito Espainiako Atzerri estatu-idazkariak aurreratu duenez, zigorrak aplikatzeko bihar edo etzi "8-10 laguneko" lehen zerrenda prest izango du Europar Batasunak.

Manifestarien aurka su-armak erabiltzea debekatu du Parlamentuak

Ukrainako Parlamentuak manifestarien aurka su-armak erabiltzea debekatu du, eta Polizia eta Armadari atzera egiteko agindua eman die.

Azken egunetako indarkeria gaitzetsi du testuak. 450 diputatutik 239k parte hartu dute bozketan, gehienak oposizioko alderdietako ordezkariak. Hala ere, ekimenak Parlamentuko presidentearen (Yanukovichen aliatua) sinadura behar du lege bihurtzeko, BBC telebistaren arabera.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken ordukoa Ukraina azken orduko Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Azken ordukoa protestak Polizia indarkeriari buruzko albisteak