Mundua -
Krisia Ukrainan
26 pertsona hil dira Kieven, Poliziak Maidan plazan egindako erasoan
Baliteke Janukovitx eta oposizioa berriz ere batzartzea gaur, indarkeria gelditzen saiatzeko.
Erredakzioa
Gutxienez 26 pertsona hil dira, horietako bederatzi poliziak, azken 24 orduetan Kieven (Ukraina) jasotako istiluetan, azken datu ofizialen arabera.
Gainera, Osasun Ministerioaren esanetan, 114 pertsona ospitaleratu dituzte. Iturri ez ofizialek, baina, zauritutakoak ehunka direla esan dute.
Gauerdian, istiluen aurkako agenteak oldartu egin dira Independentzia Plazan (Maidan izenarekin ere ezagutzen da) zeuden manifestarien aurka. Hain zuzen ere, plaza hori da azaroaren 21ean hasi ziren protesten erdigunea.
Poliziaren erasoari aurre egiteko, manifestariek suak piztu dituzte plazan.
Indarkeria astearte goizean lehertu zen berriz, bi asteko tregoaren ostean. Orduan, manifestariak Parlamentura abiatu ziren, eta Poliziak galarazi egin zien. Protestariek 2004. urteko Konstituzioa berriz ere ezartzea eskatzen zuten, presidentearen botereak mugatzen zituelako.
Gaur gauean Polizia oldartu baino lehen, Vitali Klitxko oposizioko buruak Maidan plazatik ez joateko eskatu zuen: "Askatasun uhartea da hau, eta defendatu egin behar dugu".
Kievetik kanpo, manifestariek hainbat eraikin ofizial indarrez hartu dituzte Lviv eta Ivano-Frankivsk hirietan. Ternopil hirian, gainera, polizia-etxe bati su eman diote.
Aleksandr Aronets oposizioko parlamentariaren esanetan, azken hiri horretan Fiskaltzaren egoitza okupatu dute, eta "ukrainar heroi guztien [azken hilabeteetako protestetan atxilotutakoak] aurkako auzien agiriei su eman diete".
Manifestariek suak piztu dituzte Maidan plazan. EFE
Baliteke Janukovitx eta oposizioa berriz biltzea gaur
Bild egunkari alemaniarraren arabera, Janukovitx presidenteak gaur bertan oposizioarekin batzartzeko asmoa agertu du, Kitxko oposizioko buruak iragarri duenez.
"Presidenteak beste bilera bat nahi du, gaur bertan, eta gu prest gaude", esan du Klitxkok.
Oposizioko buruaren esanetan, "gure eskakizuna argia da: Poliziaren hedapena bertan behera geratzea. Jazarpena berehala gelditu behar da negoziatu ahal izateko".
Gaur goizaldean ere negoziazioak egin dituzte Klitxkok eta Janukovitxek, baina ez dute akordiorik lortu.
Aldez aurretik, Janukovitxek "sektore erradikalengandik aldentzea" eskatu zien oposiziokoei. "Oraindik ez da berandu gatazka konpontzeko", gaineratu zuen.
Hori egin ezean, oposizioko buruei "tratamendu ezberdina" emango diela aurreratu zuen agintariak.
Poliziak, Maidan plazan. EFE
AEBk tropak kaletik ateratzea eskatu dute
Bestalde, Joe Biden AEBko presidenteordeak kaleetatik Segurtasun Indarrak kentzeko eta protesten aurkako erantzuna neurtzeko eskatu dio Janukovitxi.
Bidenek telefonoz deitu dio Ukrainako presidenteari, "kezka" agertzeko, Etxe Zuriak jakinarazi duenez.
John Kerry Estatu idazkaria ere zuzendu zaio Janukovitxi, eta herrialdeko "zatiketa sakonak" ez direla "errugabeen odola isuriz" konponduko ohartarazi dio.
Protesta jendetsuak duela hiru hilabete hasi ziren, Janukovitxek Europar Batasunarekin lankidetza akordio bat sinatzea errefusatu zuelako.