Mundua -
Protestak Ukrainan
Protesten kontrako legeak bertan behera uztea onartu du Gobernuak
Atxilotutako lagunei amnistia emateko prest agertu dira Ukrainako agintariak, manifestariek Gobernuaren eraikinak husten badituzte. Saio berezia egingo dute astearte honetan Parlamentuan.
Erredakzioa
Ukrainako Gobernuak abiatutako hainbat lege bertan behera uztea adostu dute astelehen honetan Viktor Janukovitx presidenteak eta Ukrainako oposizioak. Zehazki, adierazpen askatasuna eta bilera askatasuna murrizten zituzten legeak indargabetzea eskatzen zuen oposizioak. Hala, Gobernuak eskaera hori onartu du, eta Europako estandarrekin bat egiten duten lege berriak jorratzea adostu dute.
Bestalde, astearte honetan Parlamentuak egingo duten bilera Ukrainako krisi politikoan Gobernuak duen erantzukizuna jorratuko dutela aurreratu du Jelena Lukash Justizia ministroak. Izan ere, Gobernuaren kontrako protestek eragindako krisia jorratzea izango du saio horrek helburu. Azaroaren 21ean piztu zen gatazka, Gobernuak Europar Batasunarekin ituna ez sinatzea erabaki zuenean.
Ministroak azaldu duenez, atxilotutako lagunei amnistia emateko prest daude, manifestariek Gobernuaren eraikinak husten badituzte.
Bestalde, Arseni Jatseniuk Ekonomia ministro ohiak baztertu egin du presidenteak lehen ministro izateko egin dion eskaintza.