Mundua -
Erabakia
Egiptoko presidenteak hauteskundeak aurreratuko dituela iragarri du
Gainera, ohiz kanpoko neurriak hartuko dituela esan du Adli Mansurrek, beharrezkoa izatekotan, segurtasuna berreskuratzeko. Gutxienez, 40 lagun hil dira azken orduetako istiluetan.
Erredakzioa
Adli Mansur Egiptoko behin-behineko presidenteak presidentetza-hauteskundeak aurreratuko dituela esan du; hori dela eta, parlamentu-hauteskundeak baino lehenago egingo dituzte, aurreikuspena kontrrakoa bazen ere. Halaber, ohiz kanpoko neurriak hartuko dituela esan du, beharrezkoa izatekotan, segurtasuna berreskuratzeko.
Telebistak emandako hitzaldi batean, Mansurrek esan du erabaki duela "bidai orria" aldatzea, eta presidentetza-hauteskundeak parlamentu-hauteskundeak baino lehen egingo dituztela.
Mohamed Mursi 2013ko uztailean izandako estatu-kolpearen ostean ordezkatu zuen Mansur presidenteak azaldu du Hauteskunde-Batzorde Gorenarekin hitz egin duela hauteskundeak prestatzen hasteko.
Abdel Fatah al Sisi Indar Armatuen buruzagia da faborito nagusia, nahiz eta oraindik hautagaia izango den ala ez ez duen argitu.
Gutxienez 49 hildako, larunbateko protestetan
Gutxienez 49 lagun hil dira larunbat honetan Egipton, Poliziaren eta Mohamed Mursi presidentearen aldeko manifestarien artean izandako istiluetan, Egiptoko Osasun Ministerioak baieztatu duenez. Halaber, 300 pertsona ere atxilotu ditu Poliziak.
Ahmed Kamel Egiptoko Osasun Ministerioko bozeramaileak baieztatu duenez, istiluetan beste 247 pertsona zauritu dira. Orain hiru urte hasi zen Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohia boteretik kendu zuen iraultza.