Mundua -

Egipto

49 hildako Egipton, Poliziaren eta manifestarien arteko istiluetan

Gaur hiru urte hasi zen Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohia boteretik kendu zuen iraultza, eta Gobernuak larrialdi eta segurtasun plana jarri du abian.

Gaur hiru urte hasi zen Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohia boteretik kendu zuen iraultza. EFE
Gaur hiru urte hasi zen Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohia boteretik kendu zuen iraultza. EFE
1.000 manifestaritik gora atxilotu dituzte azken orduetan Egipton

1:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 49 lagun hil dira larunbat honetan Egipton, Poliziaren eta Mohamed Mursi presidentearen aldeko manifestarien artean izandako istiluetan, Egiptoko Osasun Ministerioak baieztatu duenez. Halaber, 300 pertsona ere atxilotu ditu Poliziak.

Ahmed Kamel Egiptoko Osasun Ministerioko bozeramaileak baieztatu duenez, istiluetan beste 247 pertsona zauritu dira.

Lehenago, Egiptoko Poliziak hainbat tiro egin ditu zerura Kairo erdialdean bilduta zeuden milaka manifestari sakabanatzeko. Gaur, Hosni Mubarak presidentea boteretik kendu zuen iraultzaren hirugarren urteurrena gogoratu dute.

Zenbait lekukoren arabera, Poliziak negarra eragiteko gasa eta perdigoiak erabili ditu Kairoko Tahrir plazara zihoazen manifestariak sakabanatzeko. Manifestariek jarduneko Gobernuaren kontra protesta egin dute.

Ordu batzuk lehenago pertsona bat zauritu da Kairon, Polizia akademia baten inguruan eztanda egin duen bonba baten ondorioz. Azken egunetan indarkeria oldea bizi dute herrialdean, eta atzo, hain justu, sei pertsona hil ziren.

1.079 atxilotu, larunbateko manifestazioetan, herrialde osoan; adingabe bat hil da

Egiptoko segurtasun-indarrek 1.079 lagun atxilotu ditu larunbatean, armak, molotov koktelak, su-eragileak eta gailu piroteknikoak eta lehergailuak izateagatik; ustez, Hosni Mubarak kendu zuten errebolten hirugarren urteurrenaren manifestazioetan erabiltzeko zen material guzti hori. Barne Ministerioak, "Al Ahram" egunkariari esan diotenez, hainbat komisariari eta kaleetan dauden tropei eta poliziei erasotzeko ahalegin batzuk saihestu ditu.

Ekintza horietan, iturri horien arabera, segurtasun-indarrek Anai Musulmanen kide bat atxilotu dute, Abdel Nabi Tamam Mohamed Jalifa, eta bere arreba ere, Helwan hiriko komisaria bati erasotzeko erabiliko zuten arsenal bana izateagatik.

Larunbatetik iganderako gauean, bitartean, adingabe bat hil da, Mohamed Mursiren aldekoen eta Egiptoko segurtasun-indarren arteko liskarretan. Mansurako Unibertsitatetik gertu jazo da gertakaria hori. Larunbatean zehar, 29 lagun hil ziren istilu horietan.

Helikoptero militar batek lurra jo du

Helikoptero militar batek lurra jo du Sinai penintsularen iparraldean, Xinhua Txinako albiste agentziak jakinarazi duenez.

"Tripulazioko kideak bilatzeko lanak hasi dituzte", adierazi du Ahmed Mohamed Ali militarren bozeramaileak. Ezbeharra zerk eragin duen ikertzen ari dira orain.

Al Ahram estatuko egunkariak azaldu duenez, arrazoi teknikoak tarteko izan du ezbeharra helikopteroak. Hori dela eta, pilotuak paraxutean jauzi egin duela gaineratu dute.

Tentsioak gora egin du Egipton, uztailean Armadak Mohamed Mursi presidentea Gobernutik kendu eta militarrak boterera heldu zirenetik. Geroztik, Armadaren aldekoen eta Mursiren aldekoen arteko istiluak etengabeakoak dira eta ehunka lagun hil dira.

Hosni Mubarak presidentearen porrota ekarri zuen iraultzak hiru urte beteko ditu gaur eta Egiptoko agintariak larrialdi eta segurtasun plana jarri dute abian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko berriak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Egipto Ekialde Hurbila gaur