Mundua -
Protestak Ukrainan
Bost manifestari hil eta beste 300 zauritu dira Kieveko istiluetan
Liga.novosti agentziaren arabera, bala zauriak zituzten hildakoetako bik. Ukrainako Poliziak ukatu egin du orain arte su-armak erabili izana. EB Ukrainari aplikatzeko "neurriak" aztertzen ari da.
Erredakzioa
Oposizioko manifestarien eta Poliziaren arteko liskarretan bost pertsona hil dira dagoeneko, bertako komunikabideek jakitera eman dutenez.
Beste 300 lagun zauritu dira Ukrainako hiriburuko istiluetan.
Canal 5 Ukrainako telebistak Oleg Musi "erresistentziako Estatu Nagusiko" zerbitzu medikoen koordinatzailea aipatu du informazioa emateko garaian.
Horietako bik bala zauriak zituzten, Liga.novosti agentziaren arabera. Ukrainako Poliziak ukatu egin du orain arte su-armak erabili izana.
Liga.novostik esan duenez, Grushevski kalean izandako istiluetan hil dira biak. Ukrainako Barne Ministerioak pertsona bat hil dela baieztatu du, baina ez du bigarrenari buruz ezer esan oraindik.
Bestalde, gauerdian izandako istiluetan 50 pertsona bahitu dituztela esan du Ukrainako Fiskaltzak.
Istiluak Kieven. Argazkia: EFE
Segodnia egunkariaren arabera, atzo beste manifestari bat hil zen, hamahiru metroko altuera batetik erorita egindako zaurien ondorioz. Lobanovski estadioaren sarreran gertatu zen istripua, Grushevski kaletik oso gertu.
Liskarrak
Gauerdian, manifestarien eta istiluen aurkako polizien arteko liskarrak izan dira berriro. Gobernuaren egoitzaren alboan gertatzen ari diren istiluak igandean hasi ziren, eta 200 zauritu baino gehiago eragin dituzte dagoeneko.
Nikolai Azarov lehen ministroaren esanetan, "Gobernuak ez du inolako anarkiarik edo kaosik onartuko", eta kaleak utzi eta gobernarien erabakiak babestera bultzatu ditu ukrainarrak.
"Kieveko istiluen aurka badaude, manifestariei liskarrak bertan behera uzteko eskatu behar diete. Baina manifestariekin bat egiten badute, horren ondorioak bere egin beharko dituzte", ohartarazi die Ukrainako lehen ministroak oposizioari.
Europar Batasuna
Europar Batasuna Ukrainari aplikatzeko "neurriak" aztertzen ari dela adierazi du Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak. Aldebiko harremanetan "ondorioak" izan ditzakeela uste du Barrosok.
"Gertakariak gertutik jarraituko ditugu, baita Europar Batasunaren ekintza posibleak eta harremanetan izan ditzakeen ondorioak aztertu ere", azaldu du Barrosok prentsaurrekoan.
Manifestarien heriotzak direla eta "hunkituta" agertu da Barroso. Era berean, hildakoen "senitartekoei elkartasuna" adierazi die.