Mundua -
Egipton
Gutxienez bederatzi lagun hil dira Konstituzio berriaren errefendumean
Erreferendumaren lehen egunean, istiluak izan dira hainbat probintziatan islamista eta segurtasun indarren artean.
Erredakzioa
Gutxienez bederatzi lagun hil dira Konstituzio berria bozkatzeko Egipton egiten ari diren erreferendumeko lehen egunean. Osasun Ministerioak jakitera eman duenez, istiluak izan dira hainbat probintziatan islamista eta segurtasun indarren artean. Ohar baten bidez zabaldutakoaren arabera, beste bi lagun berez hil dira Kairon, eta istiluekin zerikusirik ez duten istripuetan 28 pertsona zauritu dira.
Bozketaren lehen egunean izan diren istiluetan, lau lagun hil dira Sohag hirian, lau Giza probintzian eta bat Beni Suefen.
Barne Ministerioak jakitera eman duenez, Sohagen lau lagun hil dira, ustez Anaia Musulmanen jarraitzaileek egindako tiroen eraginez. Hainbat herritar botoa ematera zihoazenean gertatu da erasoa, eta bederatzi lagun zauritu dira. Ustezko 17 erasotzaile atxilotu dituzte segurtasun indarrek. Anaia Musulmanen jarraitzaile baten heriotza ere baieztatu du Barne Ministerioak. Naser herrian, Beni Suefen, islamista eta aurkarien artean izandako liskarretan gertatu da heriotza.
Anaia Musulmanek, bestalde, herrialdeko hainbat udalerritan izan diren liskarretan zortzi manifestari islamista hil direla zehaztu dute. Horietako lau Sohagen izandako istiluetan hil dira. Taldeak ez du zehaztu heriotza horiek Ministerioak adierazi duen tiroketan gertatu diren. Beste hiru lagun Giza probintzian hil dira eta bat Beni Suefen.
Konstituzioa berresteko erreferendumari boikota egiteko eskatu dute islamistek. Egiptoarrek bi egunetan jarraian izango dute botoa emateko aukera.