Mundua -

Negoziazioa Bruselan

Atxikimendu akordioa 'laster' sinatuko duela agindu dio Ukrainak EBri

Europar Batasuna, egoera ekonomiko zaila gainditzeko, Ukrainari laguntzeko prest dagoela esan du Stefan Fule Europako Batzordeko Hedapen eta Auzo Politiken komisarioak.

Manifestariak Kieven. Argazkia: EFE
Manifestariak Kieven. Argazkia: EFE
Manifestariak Kieven. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunarekin negoziatutako atxikimendu akordioa "laster" sinatuko dutela ziurtatu du gaur Sergei Arbuzov Ukrainako lehen ministrordeak, baina ez du data zehatzik eman.

"Europar Batasunarekin atxikimendu akordioa laster sinatuko du Ukrainak, interes estrategiko nazionalak aintzat hartuz", azaldu du Arbuzovek.

Stefan Fule Europako Batzordeko Auzo Politiken komisarioarekin bildu ostean egin ditu adierazpenak ministrordeak Bruselan. Akordioa martxan jartzeko prozesua eta Europaren laguntzak adostu dituzte bi agintariek bileran.

Egoera ekonomiko zaila

Elkarrizketa "irekia" eta "argia" izan dutela esan du Fulek. Egoera ekonomiko zaila gainditzeko EB Ukrainari laguntzeko prest dagoela nabarmendu du komisarioak. Herrialdea aurrera ateratzeko modurik onena akordioa sinatzea dela uste du Fulek.

Akordioa Ukrainako "krisi politikoa" konpontzeko balio dezakeela erantsi du komisarioak. Gatazka indar politiko guztien eta gizartearen arteko elkarrizketa gardenaren bidez konpondu daitekeela uste du Bruselak.

Viktor Janukovitx Ukrainako presidenteak akordioa "azkar" sinatuko balu, Europaren aldeko manifestariei mezu positiboa bidaliko lieke, Fuleren hitzetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo berriak Ukraina Gaurko titularrak Albisteak Manifestazioak gaur