Mundua -
Istiluak Ukrainan
Ukrainako Poliziak Kieveko Independentzia plaza jendez hustu du
Barne Ministerioak azaldu duenez, "kaleak garbitzeko" operazio bat izan da, eta ukatu egin du manifestarien kontra negarra eragiteko gasa erabili izana.
Erredakzioa
Goizaldean, manifestariek Kiev hiriburuko Independentzia plazan jarritako barrikadak desegin ditu istiluen aurkako Ukrainako Poliziak. Duela hiru aste hasi ziren protestak egiten Ukrainako Gobernuak Europar Batasunetik urruntzeko eta Errusiara gerturatzeko erabakia hartu ostean.
Liga.net agentziaren arabera, manifestariek Poliziaren erasoari aurre egin zieten Independentzia plazako sarbideetako batean.
10 polizia zauritu dira manifestarien polizien arteko istiluetan, Ukrainako Barne Ministerioaren arabera.
"Agintariek modu zibilizatuan hitz egiteko azken aukera galdu dute", adierazi du Vitali Klitshko UDAR oposizioko alderdiko buruzagi eta boxeoko munduko txapeldun ohiak. Horren esanetan, ezin dute konpromisorik lortu gaizkileekin eta diktadoreekin, eta lehen helburua Viktor Yanukovich presidentearen dimisioa lortzea dela gaineratu du.
"Orain Gobernu tekniko batez edo Konstituzioan aldaketak egiteaz hitz egitea arraroa litzateke, eta Yanukovich presidenteari eta horren erregimenaren mantentzeari soilik egingo lioke mesede", gaineratu du.
Manifestariak oraindik ere Independentzia plazan daude, eta Sindikatuen Etxean eta Kieveko Udaletxean ere tinko jarraitzen dute.
Kaleak garbitzeko operazio bat izan da, Barne Ministerioaren arabera
Ukrainako Barne Ministerioak azaldu duenez, "kaleak garbitzeko operazio bat izan da", eta manifestarien kontra negarra eragiteko gasa erabili izana ukatu egin du.
"Barne Ministerioak ofizialki adierazi nahi du, poliziek eta Barne Ministerioko soldaduek ez dutela negarra eragiteko gasa ez bestelako bitartekorik erabili manifestarien kontra", adierazi du Gobernuak ohar batean. Horren esanetan, udal langileek Independentzia plaza ondoko kaleak garbitu zituzten hiritarrei traba gehigarriak ez eragiteko eta zirkulazio arazoak saihesteko.